Ondarroako Kantaize Orfeoia kantuzale gehiagoren bila dabil
Herritarrak esperientzia probatzera animatu nahi izan dituzte Kantaizekoek. Partiturak irakurtzen jakitea ez dela beharrezkoa gaineratu dute. Entseguak martitzenetan eta eguenetan diraAbestuz gozatzeko aukera eman, eta euren taldera hurbiltzeko gonbite...
Herritarrak esperientzia probatzera animatu nahi izan dituzte Kantaizekoek. Partiturak irakurtzen jakitea ez dela beharrezkoa gaineratu dute. Entseguak martitzenetan eta eguenetan dira
Abestuz gozatzeko aukera eman, eta euren taldera hurbiltzeko gonbitea egin diete herritarrei Ondarroako Kantaize Orfeoiko kideek. Taldekideek kantuzaletasuna partekatzen dute, eta euren jardueragaz jarraitu ahal izateko, kantuzale gehiagoren beharra dutela nabarmendu dute.Kantaizekoen iritziz, edonor izan daiteke kantari. Baita partitura bat irakurtzen ez dakitenak ere. «Denak ongietorriak izango dira. Baina ahotsen arteko proportzioa mantendu ahal izateko, batez ere, soprano eta tenore falta daukagu. Datozela, gutxienez, esperientzia probatzera, eta gero eurek erabaki dezatela etortzen jarraitu nahi badute edo ez. Gogoa, musikarekiko zaletasuna eta taldearekiko konpromisoa besterik ez dugu eskatzen», nabarmendu dute.
Belaunaldi berrien beharra
Taldea martitzenetan eta eguenetan batzen da Unanue Udal Musika Eskolan, 20:00etatik 21:30era. Orfeoian izena eman nahi dutenek nahikoa dute entsegu batera agertzeagaz. «Esku zabalik jasoko ditugu denak».
Osterantzean, kantuzale interesatuek musika eskolan bertan informazioa eskatu edo kantaize@gmail.com helbide elektronikora ere idatzi dezakete.
Gaur egun, Kantaizen 25-30 herritarrek parte hartzen dute.
2015ean ere ahots berrien bila ari zirela esan zuten. Orduan, kantarien soka etetea nahi ez baldin bazen, behintzat, belaunaldi berriek aurrekoen lekukoa hartzea komeni zela esan zuten. «Abesbatzak bizirautea nahi baldin badugu, energia berria sartu beharra dago», zioen Xabi Arizmendiarrieta Kantaizeko beteranoetako batek.
Taldera gehitzen diren kantari berriek talde guztiaren laguntza izango dutela nabarmendu du Peli Markuerkiaga zuzendariak. «Ez pentsa solfeoa harresi bat denik, hori ez da arazo bat. Apurka-apurka ikasten joaten dira guztiak, eta ez dakienak besteengandik ikasiko du, hortaz, ez arduratu».