Gaur [otsailak 9] goizean, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritza bat Ondarroan egon da. Kamiñaldeko mendi magaleko gaia lantzen ari den lantaldeko kideek, hain zuzen ere, Kamiñaldeko lur jausiak eragin dituen kalteak bertatik bertara ikusteko aukera eduki dute.
Zehazki, lur jausiak San Ignazioko etxeetan zenbaterainoko kalteak eragin dituen ikusi ahal izan dituzte, udal ordezkaritzagaz eta kaltetuetako hainbategaz batera. Kaltetuek euren
kezkak eta dituzten beharrak azaltzeko aukera eduki dute. Denaren gainetik, baina, lanak ordaintzeko finantzaketa falta dela nabarmendu dute. “Oraindik ere zortzi milioi euro falta dira”, gogorarazi diete Ondarroan egon diren ordezkariei.
Jesus Larragan eta Andoni Alkorta Interbiak-eko ordezkariak, kalteak ikusten
Kalterik gehien jasan dituzten
40C eta 42A atarietako hiru etxebizitzetan egon dira lantaldeko ordezkariak. Harrituta geratu dira kalteak bertatik bertara ikustean, eta kaltetuei azaldu dietenez, kalteak pentsa baino handiagoak dira. “Hainbat argazki ikusi ditugu, baina bertan egon arte ez duzu pentsatu ere egiten zenbaterainokoak diren kalteak”.
Etxebizitzetan ez eze, eraikineko teilatura ere igo dira ordezkariak. Handik, kalteen ikuspegi orokorra ikusi ahal izan dute. Aldi berean, mendi magalean egiten ari diren lanak ere ikusten egon dira, eta udal arkitektuaren eta mendiaren azterketaren ardura duen geologoaren azalpenak entzun dituzte. Jaurlaritzaren eta aldundiaren ordezkariek kalteen nondik norakoen inguruko hainbat argazki atera dituzte, eta euren arduradunei erakutsiko dietela esan dute.
Peru Bazako eta Elixabete Etxanobe Jaurlaritzako ordezkariak, kaltetuetako bategaz berbetan
Etxebizitzak ikusi eta gero, lantaldea udaletxean batzartu da. Eta udalak agertu duenez, larrialdiko lanak ordaintzeko falta diren 2,3 milioientzako proposamen bat eskatu dio aldundiari. Horrez gain, larrialdiko lanak amaitutakoan egiteke geratzen diren
urgentziazko lanak faseka egitea aztertzekotan geratu dira teknikariak. “Modu horretan, kostuak ere zatika ordaintzeko aukera lortu nahi dute”.
Hurrengo batzarra hamabost egun barru egitea adostu dute bertaratutakoek, oraindik ere ordaintzeko dagoen dirua denen artean zelan bideratu adosteko.