Udalak hondakin organikoak batzeko sistema ezarriko du
San Antolinen ostean, 26 edukiontzi marroi jarriko dituzte kaleetan. Hondakin begetala zein animalia jatorrikoa batuko dute. Informazioa emango duteLekeitioko Udalak hondakin organikoak batzeko sistema ezarriko du irailetik aurrera. Hain zuzen ere, San...
San Antolinen ostean, 26 edukiontzi marroi jarriko dituzte kaleetan. Hondakin begetala zein animalia jatorrikoa batuko dute. Informazioa emango dute
Lekeitioko Udalak hondakin organikoak batzeko sistema ezarriko du irailetik aurrera. Hain zuzen ere, San Antolinak eta gero hasi ahalko dira lekeitiarrak sistema berria erabiltzen. 26 edukiontzi marroi jarriko ditu udalak, herriko kaleetan.Sistema berriagaz, hondakin begetala zein animalia jatorriko hondakin organiko guztia batuko dela jakitera eman du udalak, eta, horretarako, irailean informazio kanpaina bat egingo dutela iragarri dute, herritarrei sistema berri hori azaldu eta herritarren parte hartzea bultzatzeko.
Organikoaren bilketa, nahiz eta boluntarioa izan, jendearen laguntza eta inplikazioa eskatu du udalak. «Hasieran sistema berri honek zalantzak sortuko ditu, bere sasoian kartoi eta paper, ontzi arin, beira eta olio bilketa sistemek ekarri zuten moduan, baina, gaur egun, horiek barneratuta dauzkate herritarrek».
Beste alde batetik, herrian dauden edukiontziak ere berritu egingo dituzte: papera eta kartoia biltzeko edukiontzia eta errefusa edukiontzia.
Kontzientziazioa oinarri
Lekeitioko Udalak azpimarratu duenez, zabor bilketa selektiboaren aldekoa da, baina beti ere, borondatean oinarritutako sistema eta herritarrarentzako ahalik erosoena jarri nahi dute. Hala eta guztiz ere, aldi berean, bilketa selektibo eraginkorra bultzatuko dutela azaldu dute, «kontzientziazioan eta herritarren arduran oinarrituz».
Lekeitioko Udalak emandako datuen arabera, 347.740 kilogramo paper, 371.154 kilogramo beira, 190.869 kilogramo ontzi, 750 kilogramo pila eta 2.147.950 kilogramo hiri hondakin solido (HHS) bildu ziren iaz, Lekeition. Udako hilabeteetan, ekainetik irailera bitartean sortu zen hondakin kopuru nagusiena, abuztuan, batez ere.