Zuhaitz eta landare eskaintza zabala dakar XV. Zuhaitz eta Landare azokak
10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, Plazabarripean. Hamar mintegik hartuko dute parte aurten. Eskualdeko ekoizleen produktuak erosteko aukera egongo daDatorren zapatuan, 10:00etan hasi eta 14:00ak arte, Zuhaitz, Landare eta Baserri Tresnerien Azo...
10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, Plazabarripean. Hamar mintegik hartuko dute parte aurten. Eskualdeko ekoizleen produktuak erosteko aukera egongo da
Datorren zapatuan, 10:00etan hasi eta 14:00ak arte, Zuhaitz, Landare eta Baserri Tresnerien Azoka ospatuko da Markina-Xemeinen. Aurtengoan hamar mintegik eman dute izena, eta era guztietako lore, zuhaitz eta landareak ikusi, eta hala nahi izanez gero, salneurri paregabean erosteko aukera edukiko dute azokara doazenek. Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteak hamabostgarren urtez antolatu du azoka, udalaren laguntzagaz.Urtero modura, Zelaiaren goiko partean dagoen Plazabarripean jarriko dituzte postuak mintegiek. Eskualdeko eta kanpoko mintegiak egongo dira, eta barneko eta sasoiko landareak, usaindunak, fruita-arbolak eta zuhaixkak ere eskainiko dituzte, besteak beste. Beste alde batetik, landareen munduaren harreman estua duten beste zenbait produktu ere salgai egongo dira; xaboiak, kosmetika, sendagai naturalak, haziak, sendabelarrak… Hauek izango dira azokan parte hartuko duten mintegiak: Ines Flores (Lasarte), El Montañes (Tafalla), Lurberri (Zarautz), Ortuberri (Iurreta), Areitio (Zaldibar), Murueta Lorategia (Murueta), Aranburu (Usurbil), Etxebarria (Etxebarria), Belar (Zaldibar) eta Juan Carlos Olarte (Gasteiz).
Mintegien ondoan egongo dira bai eta ere, Lea-Artibai eskualdeko ekoizleak. Beraz, zuhaitz eta landareez gain, eskualdeko baserrietako produktuak erosteko aukera ere egongo da azokan.
Nekazaritza atalean hamaika izango dira hain zuzen, Markina-Xemeinen produktuen salmenta zuzena egingo duten ekoizleak: Markina-Xemeingo hiru gazta ekoizle (Igor Txurruka, Santamañe eta Larruz), Markina-Xemeingo txerrikien ekoizle bat (Ateun), Berriatua, Mallabia eta Markina-Xemeingo hiru okindegi eta gozogintzako ekoizle (Labegur, Mañeko Azpi eta Lorea Lejardi), Markina-Xemeingo eztigile bat (Josean Ostolaza), Mungiako ahatekien ekoizle bat (Eskuola), Errioxar jatorri izendapeneko upategi bat (Bodega Solana de Martinez) eta Olaetako arabi zuku eta marmelada ekoizle ekologiko bat (Atxineta baserria).
Txalaparta tailerra
Igor Unanue egurra lantzen duen Nafarreteko artisauak, gainera, bere produktuak erakutsi eta saltzeagaz gain, tailer bat egingo du berak egindako txalapartatxoekin. Txalaparta jotzeko txandakako teknika eta oinarrizko doinuak erakutsiko dituela jakitera eman dute azokaren antolatzaileek. «Zortzi mota egongo dira ikusgai, lau haurrentzat eta besteak mahai gainekoak bi neurri ezberdinetan, oso jostagarriak eta etxerako egokiak».
Guzti horregaz gainera, jan eta edaneko postuak ere egongo dira azokan. Horrela, azokazaleek taloa, sagardoa eta txakolina erosi eta dastatzeko aukera edukiko dute.