Derrigorrean deserriratuak
Faxistek hainbat zibil kanporatu zituzten beren menpeko udalerrietatik. Kaleratze masibo horretan hiru herri nabarmentzen dira: Ondarroa, Mutriku eta Zumaia.Duela 80 urte, 1937ko otsailean, ehunka emakume eta haur deserriratu zituzten Gipuzkoan eta Biz...
Faxistek hainbat zibil kanporatu zituzten beren menpeko udalerrietatik. Kaleratze masibo horretan hiru herri nabarmentzen dira: Ondarroa, Mutriku eta Zumaia.
Duela 80 urte, 1937ko otsailean, ehunka emakume eta haur deserriratu zituzten Gipuzkoan eta Bizkaian.Faxistek egunak pasatu zituzten zibilak beren menpeko udalerrietatik kanporatzen. Familia osoek ihesean irten behar izan zuten. Dauden datuen arabera, ia 1.000 lagun inguru euren herria uztera behartu zituzten frankistek; gehienak umeak izan ziren, %55. Euren delitua «alde gorrian», Errepublikako kontrolpeko lurretan, aita, senar, seme edo anaiaren bat edukitzea izan zen.
Kaleratze masibo horretan hiru herri nabarmentzen dira bereziki. 256 lagun bota zituzten Zumaiatik, 157 Ondarroatik eta 105 Mutrikutik.
1936ko irailean, indar kolpistek bortizki eraso zituzten Errepublikako Gobernu legitimoa defendatzen zituzten lurrak. Eta, ondorioaz, ia Gipuzkoa osoa euren menpe hartu zuten irailean bertan. Ondarroan ere, altxamendu frankistaren ostean, frankisten eskuetan geratu zen herriko boterea. Eta errepublikarekiko fideltasuna mantentzen zuten herritarrekiko errepresioa handitzen hasi zen.
48 orduko epean
Ondarroan, esate baterako, Gipuzkoako agintari militarraren agindu orokorrak helarazi zizkion Tutor teniente koronelak udalari. Besteak beste, ihes eginda zeuden herritarren zerrenda egiteko agindua betetzea erabaki zen urtarrilaren 9ko osoko bilkuran.
Diktadorearen aldeko herriko agintariek osatu zituzten zerrendak. Eta osatutako zerrenda oso luzea izan zenez, Solchaga generalarengana joan ziren herriko agintariak, zerrenda hura mozteko asmoagaz.
Hilabete berean, bestalde, joandako etxeko gizonekin harremanetan jartzeko, eta zortzi eguneko epean herrira bueltatzeko eskatzeko agindua eman zuten agintari militarrek. Herriz herri zabaldu zen mezua, baina ez zuen kolpistek uste moduko arrakastarik eduki.
Emandako zortzi eguneko epea beteta, bigarren mezu bat igorri zuten agintari militarrek; herria lagatzeko edota Espainiako beste probintzia batera borondatez alde egiteko agindua eman zuten. Agindua betetzeko 48 orduko epea eman zieten familiei.
Handik gutxira kanporatu zituzten hainbat familia, eta tartean, Mutriku eta Ondarroako herritarrak. Mutrikun, frankisten aurkako bandoaren aldeko 105 emakume eta haur kaleratu zituzten otsailaren 11n. Ondarroan berriz, bi egunetan egin zen kanporatzea: otsailaren 12an, 109 lagun euren herria uztera behartu zituzten, eta otsailaren 14an, beste 48.
Ondarroako Historia Zaleak taldeak, hain zuzen, Ondarroatik kanpora bidalitakoen zerrenda osatu zuen, eta bertan adin guztietako emakume eta haurrak ageri dira. 24 urteko Maria Luisa Laka Marurik, esate baterako, erditu berri utzi behar izan zuen herria, hiru orduko Miren Agurtzane Bedialauneta alaba besoetan zeramala. Ihes egindako horien artean zaharrena, berriz, Agustina Berridi Iturriza Arantzamendiku izan zen. Herritarrek diotenaren arabera, 96 urteko amona ez zuten herritik kanporatu. Etxean bakarrik geratu beharrean, bere borondatez prestatu zen komitiba hartan parte hartzera.
Kostaldeko bidetik
Frontea Ondarroa eta Lekeitio artean zegoen, eta bide hartatik, egunetik egunera gero eta jende gehiago pasarazi zuten. Eta Ondarroako 157 familiak ere bide hartatik joan ziren Lekeitiorantz. Oinez ekin behar izan zioten bideari, izan ere, errepidea moztuta zegoen Atxazpi parean. Euripean, eta negu gorriari aurre eginda zeharkatu zuten fronteko lerroa, zaku, burdin hesi eta lubaki artetik.
Ondarrutarrek ez zuten ihesaldiko bidea bakarrik egin. Azpeitiatik, Debatik, Zestoatik, Zarauztik eta Zumaiatik kanporatutako familiekin batera joan ziren.
Frontearen beste aldean, berriz, egoeraren jakitun ziren. Lekeitioko sarreran harrera jendetsua egin zieten ordu luzez bidea oinez egin zutenei, eta ahal izan zuten modura, ihesi etorritakoak lagundu zituzten. Gerra sasoian ez zuten askorik, baina urdailak betetzeko haina eskaini zieten etorri berriei. Umeei eta nagusiei, esate baterako, kamamila eta hegaluzea eskabetxean eman zizkieten.
Lekeitiora ailegatu ostean, euren herrietatik kanporatuak izan ziren emakume eta haur haiek Bilbora eraman zituzten, La Esperanza autobus konpainiako autobusetan.
Babesa emateko eskaria
Otsailaren 14an, bestalde, Jose Antonio Agirre lehendakariak ohar bat kaleratu zuen herritar horiei guztiei bere babesa helarazteko, eta Eusko Jaurlaritzaren gain hartu zuten familien mantenua. Toki agintariei, gainera, familia horiek inolako aitzakiarik barik laguntzeko eskaria egin zien.
Era berean, faxisten jarrera krudela beherala salatu nahi izan zuen. Jaurlaritzak azpimarratu zuenez, zibilen kanporaketak gizatasunaren aurkakoak izan ziren.
Euren herrietatik kaleratutako familia horiek errefuxiatu bihurtu ziren. Hilabeteak egin zituzten euren herrietatik kanpora, eta askok, urteak ere bai.