Duela 80 urte 262 lagun kanporatu zituzten Ondarroatik eta Mutrikutik

Kanporatutako emakumeak eta haurrak lubaki hesi baten ondotik igarotzen. Argazkia: Ondarroako Historia Zaleak utzitakoa
Mutrikun, 105 emakume eta haur kaleratu zituzten otsailaren 11n. Ondarroan, berriz, 109 lagun euren herria uztera behartu zituzten otsailaren 12an, eta beste 48, otsailaren 14an.Hilabete berean, bestalde, joandako etxeko gizonekin harremanetan jartzeko, eta zortzi eguneko epean herrira bueltatzeko eskatzeko agindua eman zuten agintari militarrek. Herriz herri zabaldu zen mezua, baina ez zuen kolpistek uste moduko arrakastarik eduki. Emandako zortzi eguneko epea beteta, bigarren mezu bat igorri zuten agintari militarrek; herria lagatzeko edota Espainiako beste probintzia batera borondatez alde egiteko agindua eman zuten. Agindua betetzeko 48 orduko epea eman zieten familiei. Handik gutxira kanporatu zituzten hainbat familia, eta tartean, Mutriku eta Ondarroako herritarrak. Mutrikun, frankisten aurkako bandoaren aldeko 105 emakume eta haur kaleratu zituzten otsailaren 11n. Ondarroan berriz, bi egunetan egin zen kanporatzea: otsailaren 12an, 109 lagun euren herria uztera behartu zituzten, eta otsailaren 14an, beste 48. Ondarroako Historia Zaleak taldeak, hain zuzen, Ondarroatik kanpora bidalitakoen zerrenda osatu zuen, eta bertan adin guztietako emakume eta haurrak ageri dira. 24 urteko Maria Luisa Laka Marurik, esate baterako, erditu berri utzi behar izan zuen herria, hiru orduko Miren Agurtzane Bedialauneta alaba besoetan zeramala. Ihes egindako horien artean zaharrena, berriz, Agustina Berridi Iturriza Arantzamendiku izan zen. Herritarrek diotenaren arabera, 96 urteko amona ez zuten herritik kanporatu. Etxean bakarrik geratu beharrean, bere borondatez prestatu zen komitiba hartan parte hartzera.

Ondarroatik kanporatutako emakume eta haurrak, Lekeitioko San Jose eskolaren inguruetan. Argazkia: Ondarroako Histoaria Zaleak utzitakoa
Agirre lehendakariak faxisten krudela berehala salatu zuen. Jaurlaritzak azpimarratu zuenez, zibilen kanporaketak gizatasunaren aurkakoak izan zirenFrontearen beste aldean, berriz, egoeraren jakitun ziren. Lekeitioko sarreran harrera jendetsua egin zieten ordu luzez bidea oinez egin zutenei, eta ahal izan zuten modura, ihesi etorritakoak lagundu zituzten. Gerra sasoian ez zuten askorik, baina urdailak betetzeko haina eskaini zieten etorri berriei. Umeei eta nagusiei, esate baterako, kamamila eta hegaluzea eskabetxean eman zizkieten. Lekeitiora ailegatu ostean, euren herrietatik kanporatuak izan ziren emakume eta haur haiek Bilbora eraman zituzten, La Esperanza autobus konpainiako autobusetan. Otsailaren 14an, bestalde, Jose Antonio Agirre lehendakariak ohar bat kaleratu zuen herritar horiei guztiei bere babesa helarazteko, eta Eusko Jaurlaritzaren gain hartu zuten familien mantenua. Toki agintariei, gainera, familia horiek inolako aitzakiarik barik laguntzeko eskaria egin zien. Era berean, faxisten jarrera krudela beherala salatu nahi izan zuen. Jaurlaritzak azpimarratu zuenez, zibilen kanporaketak gizatasunaren aurkakoak izan ziren. Euren herrietatik kaleratutako familia horiek errefuxiatu bihurtu ziren. Hilabeteak egin zituzten euren herrietatik kanpora, eta askok, urteak ere bai.