Larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarrak bizi duen muturreko egoeraren harira, eskualde mailako manifestazioa egin dute gaur [otsailak 12], Ondarroako kaleetan zehar. Ibon askatu! Kartzela + Hiesa = heriotza zigorra! lelopean, Alamedatik irten du protestak, 13:00ak pasatxo.
Besteak beste, “Berandu baino lehen, Ibon etxera!”, “Iparra galdu baik, Ibon etxera!”, “Sakabaneketarik ez”, “Giza eskubideak non daude” eta “Preso gaixo larriak askatu” aldarriak egin dituzte Iparra Galdu Baik, Sortu, LAB, Ernai, Garraxika, Etxerat eta Danak Etxea! taldeek deitutako mobilizazioagaz bat egin dute Ondarroako zein inguruko herrietako ehunka herritarrek.
Eta Ibon Iparragirre etxeratu nahi baldin bada, herriko talde eragileen indar metaketa beharrezkoa dela nabarmendu du Gotzon Iparragirre anaiak: “Ibonen egoera gero eta larriagoa da, eta guri tokatzen zaigu honen aurrean erantzutea. Ea lortzen dugun gugaz batera hemen herrian dauden beste arduradun batzuk ere inplikatzea. Giza eskubideak benetan bermatu nahi baldin badira, denoi tokatzen zaigu Ibonen eta larriki gaixo dauden preso guztien aldeko mobilizazioetan parte hartzea”. Gogorarazi duenez, hemendik aurrera ere, etxeratu arte giza eskubideen alde mobilizazioak egiten jarraituko dute. “Gauza oinarrizko bat eskatzearren ea aurrerantzean kalera irteteko premiarik ez daukagun”.
Manifestazio jendetsua Alamedatik irtetzen
Beste hainbat ere egoera beretsuan. Gotzon Iparragirrek ohartarazi duenez, ondarrutarraren egoera beretsuan beste hainbat preso daude. “Jakitera eman diren azken datuen arabera, gero eta gehiago dira larriki gaixorik dauden presoak. Beste hamar bat preso egon litezke antzeko egoeran, eta euren egoera gero eta larriagoa da”.
Era berean, Iparragirreren osasun egoeraren berri ere eman du haren anaiak. Azpimarratu duenez, azken analisiek ez dute gauza onik aurreikusten. “Karga birala 144.000 arte igo zaio, eta defentsak 66ra jaitsi zaizkio. Eta jasaten ari diren erasoak erabat larriagotzen ari dira egoera hori “.
Preso ondarrutarra 11. modulura aldatu dute asteon, eta bertan beste preso sozial batzuen babesa jaso duela jakitera eman dute senideek
Iparragirrek aurreko astean jasan zituen bi eraso larrien berri ere eman dute, eta horien inguruko salaketak egin dituztela azaldu dute. Barikuan [otsailak 10] egon zen Angelita Burgoa bisitan, eta oraindik ere, jasandako erasoen zantzuak bistan dituela esan dute amak. “Ezpaina irekita dauka, eta pasa dituenak pasa eta gero, bere egoerari aurre egiten nahikoa lasai ikusi dugu”.
Bestalde, aste barruan moduluz aldatu dutela ere jakitera eman dute. Alcala Mecoko (Madril, Espainia) 11. modulura aldatu dute. “Lehenengo modulutik -espetxeko txarrena- atera, eta 11. modulura eraman dute. Eta, zorionez, lehendik ezagutzen zuen beste preso sozial euskaldun bat topatu du han. Preso hori eta beste pare bat bera babesten ari direla esan digu”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.