Ibon Iparragirrek jasandako azken bi erasoak gogor salatu dituzte
Preso ondarrutarra etxeratu nahi baldin bada, herriko talde eragileen indar metaketa beharrezkoa dela nabarmendu dute. Ondarrutarra 1 modulutik 11.era aldatu duteIbon Iparragirre Burgoa larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarrak bizi duen muturreko eg...
Preso ondarrutarra etxeratu nahi baldin bada, herriko talde eragileen indar metaketa beharrezkoa dela nabarmendu dute. Ondarrutarra 1 modulutik 11.era aldatu dute
Ibon Iparragirre Burgoa larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarrak bizi duen muturreko egoeraren harira, eskualde mailako manifestazioa egin zuten domekan, Ondarroako kaleetan zehar. Ibon askatu! Kartzela + Hiesa = heriotza zigorra! lelopean, Alamedatik irten zuen protestak, 13:00ak pasatxo.Besteak beste, Berandu baino lehen, Ibon etxera!, Iparra galdu baik, Ibon etxera!, Sakabaneketarik ez, Giza eskubideak non daude eta Preso gaixo larriak askatu aldarriak egin zituzten Iparra Galdu Baik, Sortu, LAB, Ernai, Garraxika, Etxerat eta Danak Etxea! taldeek deitutako mobilizazioagaz bat egin zuten Ondarroako zein inguruko herrietako ehunka herritarrek.
Eta Ibon Iparragirre etxeratu nahi baldin bada, herriko talde eragileen indar metaketa beharrezkoa dela nabarmendu zuen Gotzon Iparragirre anaiak: «Ibonen egoera gero eta larriagoa da, eta guri dagokigu honen aurrean erantzutea. Ea lortzen dugun gugaz batera hemen herrian dauden beste arduradun batzuk ere inplikatzea. Giza eskubideak benetan bermatu nahi baldin badira, denoi dagokigu Ibonen eta larriki gaixo dauden preso guztien aldeko mobilizazioetan parte hartzea».
Gogorarazi zuenez, hemendik aurrera ere, preso ondarrutarra etxeratu arte giza eskubideen alde mobilizazioak egiten jarraituko dute. «Gauza oinarrizko bat eskatzearren ea aurrerantzean kalera irteteko premiarik ez daukagun».
Gotzon Iparragirrek ohartarazi zuenez, gainera, preso ondarrutarraren egoera beretsuan beste hainbat preso daude. «Jakitera eman diren azkenengo datuen arabera, gero eta gehiago dira larriki gaixorik dauden presoak. Beste hamar bat preso egon litezke antzeko egoeran, eta euren egoera gero eta larriagoa da».
Era berean, Iparragirreren osasun egoeraren berri ere eman zuen haren anaiak. Azpimarratu zuenez, azken analisiek ez dute gauza onik aurreikusten. «Karga birala 144.000 arte igo zaio, eta defentsak 66ra jaitsi zaizkio. Eta jasaten ari diren erasoak erabat larriagotzen ari dira egoera hori».
Babespean
Iparragirrek aurreko astean jasan zituen bi eraso larrien berri ere eman zuten, eta horien inguruko salaketak egin dituztela azaldu zuten. Barikuan egon zen Angelita Burgoa bisitan, eta oraindik ere, jasandako erasoen zantzuak bistan dituela esan zuen amak. «Ezpaina irekita dauka, eta pasa dituenak pasa eta gero, bere egoerari aurre egiten nahikoa lasai ikusi dugu».
Beste alde batetik, aurreko astean moduluz aldatu zutela ere jakitera eman zuten. Alcala Mecoko (Madril, Espainia) 11. modulura aldatu dute Iparragirre, hain zuzen ere. «1 modulutik -espetxeko txarrena- atera, eta 11. modulura eraman dute. Eta, zorionez, lehendik ezagutzen zuen beste preso sozial euskaldun bat topatu du han. Preso hori eta beste pare bat bera babesten ari direla esan digu».