Julia Lanas auzian 27 ertzainek deklaratuko dute gaurtik etzira
Hamabost ertzain akusatu modura deitu ditu epaileak, eta beste hamabi lekuko gisa. Deklarazioak entzun ostean erabakiko du epaileak auziagaz jarraitu ala ezJulia Lanasen auziagatik 27 ertzaini deklarazioa hartuko die epaileak gaur, bihar eta etzi bitar...
Hamabost ertzain akusatu modura deitu ditu epaileak, eta beste hamabi lekuko gisa. Deklarazioak entzun ostean erabakiko du epaileak auziagaz jarraitu ala ez
Julia Lanasen auziagatik 27 ertzaini deklarazioa hartuko die epaileak gaur, bihar eta etzi bitartean. Gernika-Lumoko epaitegian deklaratu beharko dute.Lanasen abokatu Aitor Amutiok azaldu duenez, akusatu modura deklaratzera deitu dituzte hamabost ertzain, eta lekuko modura hamabi.
Aste honetako auzi saioen bitartez, 2014ko abenduaren 15ean Jone Amezaga errigoitiarra atxilotu zutenean Julia Lanas andrea nork zauritu zuen argitu gura du epaileak. Izan ere, Amutiok zehaztu duenez, polizia operazio horretan, orduan 95 urte zituen andrea lurrera bota eta zauritu egin zuten, Gernikako merkatu plazan erosketak egiten ari zenean.
Ertzainen identifikazioa
Akusazioaren abokatuak gaineratu du, plazan saltzailea zen andreari ere deklarazioa hartzeko eskatu zuela 2015eko martxoan. Hala ere, momentuan eskaera hori ez zuen onartu epaileak, eta Auzitegi Probintzialean helegitea jarri zuen. Epaitegi horrek agindu zuen merkatuko saltzaileari deklarazioa hartzeko agindu zion Gernika-Lumoko epaileari. «Hala ere, denbora asko pasatu da, eta lekuko hori hil egin da», aipatu du akusazioaren abokatuak.
Amezaga atxilotzeko polizia operazioan parte hartu zuten zenbait ertzain identifikatzeko eskatu zuen abokatuak, eta haiei deklarazioa hartzeko. Eskaera onartu, eta 2016ko urrian deklaratu behar zuten epailearen aurrean. Hala eta guztiz ere, atzeratu egin zuten, ertzainen identifikazio zenbakiekin arazoak egon zirelako. Tartean, epaileak polizia operazioan parte hartu zuten ertzain denak identifikatzeko eskatu zion Ertzainburuari, eta deklaratzera deitu ditu.
Bihar bederatzik deklaratuko dute epaitegian; denek ere, akusatu modura. Eguaztenean, sei izango dira akusatu modura deklaratuko dutenak, eta lauk lekuko modura. Eguenerako, zortzi ertzain lekuko modura deitu ditu epaileak.
Amutiok azaldu duenez, deklarazioak hartu ostean erabakiko du epaileak ertzainen bat inputatzeko arrazoirik dagoen eta auziagaz aurrera egin edo kasua artxibatzen duen.
Gernikako Merkatu plazako istiluetan lurrera bota zuten Lanas; besoa hautsi eta zauriak izan zituen hanketan. Ertzaintzaren kontrako salaketa bat jarri zuen.