Udalak parte hartze prozesuari buruzko bilera egingo du bihar
Prozesuaren balorazioa egin, eta 2016-2020 Ekintza Plana eta 2017ko aurrekontuak aurkeztuko dituzte. Lau urterako da Ekintza Plana, eta osatzen joango diraBerriatuko Udalak Berritxu danok einaz! parte hartze prozesuaren inguruko bilera egingo du bihar,...
Prozesuaren balorazioa egin, eta 2016-2020 Ekintza Plana eta 2017ko aurrekontuak aurkeztuko dituzte. Lau urterako da Ekintza Plana, eta osatzen joango dira
Berriatuko Udalak Berritxu danok einaz! parte hartze prozesuaren inguruko bilera egingo du bihar, 18:30ean, bideo gelan. Bileran herritarren parte hartzearen inguruko balorazio egin, 2016-2020 Ekintza Plana eta 2017ko aurrekontuak aurkeztu, eta auzolanaren inguruan berba egingo dute.«Urrian Mendibarren frontoian egindako parte hartze ekintzan jaso ziren proposamen guztiak arloka sailkatu ditugu. Eta bileran gehien errepikatu ziren proposamenak aurkeztuko ditugu», azaldu du Jon Arriola Berriatuko alkateak. Dena den, bileran gehien errepikatu ziren proposamenak aurkeztuko badituzte ere, parte hartze prozesuan parte hartu zuten herritar guztiei txosten osoa bidali dietela jakitera eman du Arriolak. «Bileran ezin dira puntu guztiak azaldu, baina txostenean denak agertzen dira».
Arriolak dioenez, parte hartze prozesuan helburu asko eta helburu horiek lortzeko ekintza asko jaso zituzten: «Herritarren iritziz indarguneak zeintzuk diren, hutsuneak… zehaztuko ditugu bileran». Helburuak lortzeko bidean, udalak lau urteko Ekintza Plana zehaztu du, eta plan hori ez dela itxia gaineratu du Arriolak. «Ekintza Plana ez da gauza itxi bat. Aurrera begira ere sektorekako parte hartze prozesua egin nahi dugu, eta horietan jasotzen diren proposamenak ere Ekintza Plan horretan txertatzen joan ahal gara».
2017ko aurrekontuak aurkeztea ere horregaz lotuta dagoela esan du. «Aurrekontuak ez daude onartuta. Eta lehenik eta behin herritarrei aurkeztu nahi diegu. Azken finean, aurrekontuetan jasotzen dira urteko politikak. Eta horretan herritarrek proposatutako gauzak ere sartuta daude».
Berriatuko Udalak herritar guztiei bileran parte hartzeko deia egin die. «Bilera zabala da, eta herritar guztiei parte hartzeko deia egin nahi diegu».