Aulestiko ur zikinei tratamendu egokia eman, eta Lea errekara ur garbia heltzea ahalbidetuko duen araztegia eraikitzeko lanak aurreikusitako epean burutuko dituztela jakitera eman du Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak.
Ferrovial Agroman eta Cadagua Aldi Baterako Enpresa Elkarteari esleitutako lanak burutzeko hamazortzi hilabeteko epea daukate, eta urte honen azken hiruhilekoan martxan jarriko dute.
Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak
2.461.613, 14 euroko inbertsioa egin du Aulestin. Aipatu enpresekin egindako kontratuan araztegia eraikitzea, martxan jartzea eta bete beharreko proba epea zehazten dira.
Tratamendu biologikoa. Ur zikinei tratamendu biologikoa egingo diete, biodisko deritzon teknologia erabilita. Horrek, urei nitrogenoa eta fosforoa kentzea ahalbidetuko du.
Ia 400 biztanleren ur zikinak bideratuko dira araztegira, eta aurrerago Narea, Zubero, Urriola eta Ibarrola auzoetako 200 bat herritarrenak ere jasoko ditu.
Halaber, araztegia aulestiko herriari baino gehiagori zerbitzua emateko prestatuta dagoela jakitera eman dute, eta beraz, etorkizunean zerbitzua gehiagorengana zabaltzeko aukera eskaintzen du.
Hala ere, momentuz, Ibetako putzu septiko nagusia eta Eleiz kaleko putzu septikoa batuko dira bertara, eta baita Sololuziako etxebizitzetako saneamendua ere.
Kiratsik barik. Solaguren auzoan ari dira araztegia eraikitzeko lanetan.
Hain zuzen ere, Mikel Ansotegi Aulestiko alkateak azaldu duenez, ur patzuergoko ordezkariekin batzartu ziren araztegia herrigunetik ahalik eta urrunen egoteko: “Hasiera batean beste bi leku proposatu zituzten–Aldakor enpresaren alboan edo Ibetatik gertu–, eta azkenean begi-inpaktua gutxitzeko hemen egitea lortu dugu. Zulo batean sartuta dago, eta ia ez da igartzen. Etxeetatik ahalik eta aldenduen egotea gura genuen, nahiz eta suposatzen den karbonozko filtroak eroango dituen eta usainik botako ez duen araztegi moderno bat izango dela”.
Araztegiak izango duen itxura.
Argazkia: Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoa