Bizkaiko Herri Kirol Ligan izena emateko azken eguna da bihar
Parte hartu gura duten taldeek herrikirola@gmail.com helbidera mezua bidali edo telefono zenbaki honetara deitu behar dute: 944-21 77 81.
Talde bakoitza gehienez zazpi partaidegaz osatua izan behar da.
Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundetik jakitera eman dutenez, ligaren probak noiz diren aurretiaz abisatuko dute. Zazpi egun aurretik jakinarazten dutenean, taldeak proposatutako data onartu beharko dute.
Halaber, jardunaldi bakoitzean dieta jasotzeko, proba 45 minutu baino gutxiagoan burutu beharko dute.
Bizkaiko Herri Kirol Ligan proba hauek egingo dituzte: Lokotxak, txinga erutea, zaku eramatea, harrijasotzea, ingude jasotzea, aizkora, lasto altxatzea eta trontza.
Zaku eramatea eta txinga erutea bikoteka lehiatuko dituzte. Zaku eramatean gizonezkoek 80 kiloko zakua edukiko dute, eta emakumezkoek, berriz, 40 kilokoa. Txinga erutean, bestalde, gizonezkoen txingak 50 kg-koak izango dira, eta emakumezkoenak 25kg-koak (partaide bakoitzak gutxienez hamar untza egin beharko ditug).
Bestalde, harrijasotzean 25 jasoaldi egin beharko dituzte, eta lasto altxatzean hamarna jasoaldi (partaide bakoitzak). Ingude jasotzean, ostera, bikote bakoitzaren artean 100 jasoaldi egingo dituzte (mutilen ingudeak 18kg-koak izango dira eta neskenak 10kg-koak).
Aizkoran pagoa moztu beharko dute, eta trontzan pinua.
www.herrikirolakbizkaia.eus webgunean dago aipatu probei buruzko informazioa.