Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-ren kideek ospakizuna prestatu dute
zapatu honetarako [otsailak 18]. Berriatuan batuta, behar zituzten baino sinadura gehiago lortu dituztela ospatzeko eguna izango da.
Sinadura bilketa abenduaren 2tik otsailaren erdialdera egin dute; herri batzuetan dagoeneko amaitu dute, eta beste batzuetan azkenak batzen ari dira egunotan.
Helburua bete dute, eta eskualdean zein herriz herri lortutako kopuruak ezagutara emango dituzte Berriatuan.
Oinez, autoz edo bizikletaz. Eskualdeko herrietatik oinez, bizikletaz eta kotxe karabanaz hurbilduko dira herritarrak Berriatuko plazara, eta asmoa da 12:30erako denak ailegatzea.
Eneko Arrate markina-xemeindarra ariko da aurkezpen lanetan, eta Saioa Lopez eta Asier Txakartegi berriatuarrak izango dira ekitaldi nagusiko hizlariak. Horiek irakurri dute zapaturako beren-beregi prestatuko testua, eta, besteak beste, lortutako sinadura kopuruaren berri emango dute.
Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-k abenduan Lekeition egindako agerraldia.
“Txosna bat ere muntatuko dugu, pintxoak ere prestatuko ditugu, eta eguerditik musikaz girotuko dugu plaza”, azaldu dute Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-ren ordezkariek. Era berean, Xabat Galletebeitia lekeitiarra eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra bertsotan ariko dira.
Horrela, jai giroan ospatuko dute hasieran jarritako helburua bete dutela: “Jarri genuen erronka lortu dugula ospatzeko eguna izango da”. GED-ren
kamiseta eta zapiekin bertaratzeko deia luzatu dute.
Galdera bakarra adosteko, herriz herri batuko dira, eta horren ostean, herrietako ordezkariak batuko dira. Galdera apirilaren 8an aurkeztuko dute, Ondarroan
Bestalde, Berriatuako GED-ren kideek ahal duten herritarrei ekitaldia prestatzeko lanetan laguntzeko eskatu diete. Horretarako, 09:30ean plazara bertaratzeko dei egin dute.
Galdera bakarra adosten. Hurrengo pausoa martxoaren 11ra bitartean herritarrekin galdera adostea izango da. Horretarako, herriz herri batuko dira lehenengo, eta gero herrietako ordezkariak elkartu, eta galdera bakarra adostuko dute denen artean.
“Herri bakoitzak bere formatuan egingo du, orduan bakoitzak erabakiko du zelan egin eta deialdiak noiz egin. Eskualde guztia galdera bakarragaz joango gara, eta
apirilaren 8an Ondarroan egingo dugun ekitaldian jakitera emango dugu”.
Eskualdeko herritarren parte hartzea zabala izan da orain arte, eta aniztasun hori zapatu honetan ere irudikatzea espero dute.
Horregatik, Berriatura joateko deia luzatu dute GED-ren ordezkariek:?”Zenbat eta jende gehiago etorri, gusturago egongo gara. Jende guztia animatzen dugu ospatzera etortzeko. Galdeketara bagoaz, sinadurak batzea bete beharreko pausoa zen, eta ondo, erraz lortu ditugula ospatuko dugu”.
Bideoa argazkiekin. Bestalde, herriz herri burutu dituzten ekitaldien zein sinadura bilketen irudiekin ikus-entzunezkoa egin dute, eta asteon sare sozialen bidez zabalduko dute.
Bideoan islatu dute herriz herri zelako parte hartzea egon den. “Berriatuan erakusteko asmoa genuen, baina iluntasun apur bat behar duenez ez litzateke ondo ikusiko, beraz, sare sozialen bidez zabalduko dugu”.
Irteera-orduak, herriz herri:
- Amoroto. Oinez, 09:30ean plazatik.
- Aulesti. Mendiz, 09:30ean plazan batuta. Auto karabanan 11:00etan aparkalekutik irtenda.
- Etxebarria. Mendiz, 08:30ean Olaia aurrean batu, 09:00etan markina-xemeindarrekin batzeko Arkupen. Auto karabanan 11:00etan Olaia aurrean. (bizikletaz Markina-Xemeingo deialdiagaz bat).
- Gizaburuaga. 11:30ean aparkalekuan batuta, auto karabanan, gero aulestiarrekin batzeko.
- Lekeitio. Mendiz 09:15ean Eskolapetik irten, 10:00etan Baurdoko bidegurutzean mendexarrekin elkartzeko. Auto karabanan 11:00etan Karraspiotik irtenda.
- Markina-Xemein. Mendiz, 09:00etan Arkupe aurretik. Mendi-bizikletaz 10:00etan Arkupe aurretik. Auto karabanan 11:30ean Xemeingo aparkalekutik.
- Mendexa. 10:00etan Baurdoko bidegurutzean lekeitiarrekin batzeko. Auto karabanan 11:00etan Karraspiotik irtenda.
- Munitibar. Mendiz, 09:15ean plazan elkartuta.
- Ondarroa. Oinez, 11:00etan Zaldupetik irtenda.
- Ziortza-Bolibar. Auto karabanan 11:00etan plazatik irtenda. (Mendiz eta bizikletaz Markina-Xemeingo deialdiagaz bat eginda).