Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrak XVII. Urrezko binakako aizkolari txapelketa-Eusko label sariaren finalerdia jokatuko du domekan [otsailak 19] Aitzol Atutxarekin batera. Juan Jose Lopez Azpilikueta eta Eneko Otañoren aurka neurtu beharko dituzte indarrak Oñatiko Foruen enparantzan. Eta lehen bi kanporaketak nagusitasun osoz irabazi ondoren, txapelketaren finalera ailegatzeko faborito nagusiak dira Mugertza II.a eta Atutxa II.a.
Zeure burua zelan topatzen duzu norgehiagokara begira?
Nahikoa ondo ikusten dut neure burua; ez dut inongo aitzakiarik. Entrenamenduetan ere gustura ibili naiz, orain ikusi egin behar bertan egunean zelan moldatzen naizen.
Zure bikotea ere zelan ikusten duzu?
Fresko ikusten dut, eta gogotsu.
Bata Mutrikukoa eta bestea Dimakoa zarete. Entrenamenduak egiteko zelan moldatzen zarete?
Ahal dugun modura moldatzen gara. Batzuetan han, eta beste batzuetan hemen Olatzen egiten ditugu entrenamenduak. Atzo [otsailak 15], esaterako, gurean egin genuen prestaketa saioa. Egia esan, elkarrekin entrenamendu mordoxka egin ditugu, eta egindako entrenamendu horiekin oso gustura geratu gara.
Ugaitz Mugertza Galbaixo jaietan egindako saioan
Aurkari gogorrak izango dituzue domekan. Horiek zelan ikusten dituzu?
Bada hilabete azkenengoz aizkoran ikusi nituela, eta orduan lan polita egin zuten. Kontuan hartzeko moduko aurkariak dira.
Binakako txapelketa hiru aldiz irabazi duzue. Zuen burua finalean sartzeko aukerekin ikusten duzu?
Nik uste dut, baietz. Ondo entrenatu gara, eta beraz, aukera hor dago, baina orain ikusi egin behar da zer gertatzen den domekan. Guretzako amets bat izango litzateke laugarren aldiz jarraian finalean parte hartzea. Ahalegina egingo dugu behintzat.
Probari dagokionez, lan luzea eta gogorra egin behar duzue.
Bost proba ezberdinetan banatuta egin behar ditugu lanak, denetara, hamabost pago enbor moztu beharko ditugu. Gure asmoa, hasieratik, nahikoa gogor hastea da, eta ahal bada, enborrez enbor segundu bakarrak aurreratzen joatea. Izan ere, horrelako probetan segunduek berebiziko garrantzia dute. Azken proban, berriz, zortzi enbor moztu beharko ditugu; oso gogorra, zorrotza eta luzea da, eta horrako ere indarrak gordetzea komeni zaigu.
“Iker Vicentek eta Ruben Saralegik dute finalean sartzeko aukera gehien; sasoiko daude”
Ordu berean beste finalerdi bat ere jokatuko da. Denok batera jokatuko duzue?
Lehenengo norgehiagoka bat jokatuko da, eta gero, bestea, elkarren jarraian. Oraindik ez digute zehaztu zer ordenatan egin beharko ditugun lanak, hori telebistaren arabera izango da.
Dagoeneko Joseba Otaegi eta Arria V.a finalerako sailkatuta daude, eta zuek ere finalerako txartela lortuz gero, hirugarren bikote finalista zein izatea gustatuko litzaizueke, Jon Irazu-Patxi Mindegia ala Iker Vicente-Ruben Saralegi?
Ez dakit ba! Baina, itxura guztien arabera, Iker Vicentek eta Ruben Saralegik dute finalean sartzeko aukera gehien. Sasoiko daude, eta txapelketako bikote onenetarikoa osatzen dute. Dena dela, ikusi egin beharko da ze bi finalistek lortzen duten finalerako txartela.