1927an, Ondarroako arrantzaleen kofradiek berriro bat egin zuten; aurreko urtean Donostian lortutako banderak egin zuen posible hogei urteko apurketagaz amaitzea.
1907an, herriko arrantzaleak auzi batzuetan batera egon ez, eta batzuek ordura arte ondarrutarrek zeukaten kofradia bakarretik irten zuten, Santa Klaratik, eta beste bat sortu, San Pedro. Eztabaida eta haserreak arrantzaleengan sortu zituen auziak ez zeukan politikagaz zerikusirik, baina, gerora, kofradia biek joera politikoa hartu zuten. Santa Klarakoak eusko abertzaleak ziren; eta espainiar eta erregezaleak, San Pedrokoak.
SANTA KLARA KOFRADIA
Augustin Zubikarai idazleak argitaratu zituen datuen arabera, 1925ean Santa Klarak 560 bazkide zituen, eta 2.717 kilo arrain harrapatu zituzten; San Pedrok, ostera, 390 bazkide zeuzkan, eta 1.500.930 kilo arrain arrantzatu zituzten. Santa Klara kofradiatik alde egin eta San Pedro kofradia sortu zutenek hainbat urtean ez zuten eduki toki egokirik arraina saldu eta batzartzeko, eta, horrela, 1922an, Kofradia Berria izenez ezagutu zena egin zuten, Kafeatzean. Ez zen luzerako izan, ostera. Herriko arrantzaleak kofradia bitan egotea ez zen ona inorentzat, eta 1926ko Donostiako estropada aurrean zirelarik, eta ondarrutar guztiek elkarregaz arraun egiteko gogotsu, kofradia biak batzeko asmoa indartzen joan zen.
1926ko Donostiako bandera. 1926ko estropadak prestatzeko, lehenengo eta behin, Bilboko estropadek eragindako gastuak ordaindu zituzten. Aurrerak diru bilketa egin zuen herrian, eta Santa Klara kofradiak 150 pezeta eman zituen. Prestaketari dagokionez, orduan, eta ia beti modura, sanpedroak igarotakoan, hegaluzetara joaten ziren, andramariak arte, Santander eta Asturiasko itsasoetara. Eta hemezortzi mutil gazte aukeratu eta herrian geratu ziren, estropadetarako prestatzea, beste zereginik barik.
Ondarrutarrentzat bigarren geratzea estropada galtzea zen. Lehenengo atera behar zuten, nahi eta nahi ez. Egunean jatordu bat, eguerdikoa, Aurreran egiten zuten, kofradiaren edo estropadarako batu zen diruaren kontura. Irabazle irtengo zuten ziurtasuna zegoen. Eta irabazle izan ziren.
SAN PEDRO KOFRADIA
Kontxako banderak poz handia eragin zuen herrian. Kantu eta algara artean, eta eremolariekin batera, alkatearen etxe azpian batu ziren, eta hark sei eguneko jaiak agindu zituen. Banderari dagokionez, Santa Klarako kokradiara eroan zuten.
Kofradia bakarra. 1927an, Donostiako bandera irabazi eta urtebetera, kofradiek bat egin zuten. Era honetara jaso zuen Augustin Zubikaraik. «1927an araudi berriak agertu ziren Bizkaiko Gobernu Zibilean, kofradia biek bat egiteko. Kofradia biak batzeko araudiak Pedro Arantzamendik lehendakari legez eta Juan Bautista Beitiak ordezko legez izenpetu zituzten».
Santa Klara kofradia lehengo izenagaz eta izateagaz geratu zen, baita banderekin ere
Horrenbestez, kofradia biak lehengo betiko kofradiara batu ziren, estropadei esker. Santa Klara kofradia lehengo izenagaz eta izateagaz geratu zen, oso-osorik; agiri zahar guztiekin eta estropadetan irabazitako banderekin, besteak beste. Kofradia Berriak kofradi izateari utzi zionean, bizileku bihurtu zen. Hamabi etxebizitza edo bizitoki egin zituzten, jabea Santa Klara kofradia zelarik. Franco denboretan, kofradia zaharra berritu egin zuten, eta kontularientzat eta osagilearentzat behar modura prestatu. Aldakuntzak aldakuntza, beste baten premia heldu zen. Kai berria urrun geratzen zen, eta kaian bertan egin zuten eraikin berria.
Ondarroak 1926an Kontxako bandera irabazi zuen momentuko argazkia.