Artedramaren ikastaroetan parte hartzeko deialdia zabaldu dute
Apirilaren 17an hasi eta 13ra arte egingo dute aurtengo Artedrama Euskal Laborategia, eta bertako ikastaroetan parte hartzeko deialdia zabaldu berri dute.
Hamalau ikaslerentzat lekua egongo da tailerretan, eta horietan izena emateko info@artedrama.com helbide elektronikora mezua idatzi, edo telefono zenbaki honetara deitu behar da: 633 56 76 46.
Ikastaroetan parte hartzen dutenak egunero zortzi orduz arte eszenikoei buruzko hainbat alor landuko dituzte. Hain zuzen ere, lau ikastaro prestatu dituzte, eta hauek izango dira irakasleak: Ander Lipus, Amancay GaztaƱaga, Pablo Ibarluzea, Garazi Lopez de Armentia eta Unai Lopez de Armentia.
Lipusekin gorputz eta ahots ariketen bidez, arnasa, oreka, indarra, adierazpena, espazioa eta jauzia bezalako kodigoak landuko dituzte.
GaztaƱagaz, berriz, Michael Chejov eta William Laytonen teknikak jorratuko dituzte, eta horrela, jolastuz pertsonaien egia aurkitzen saiatuko dira.
Bestalde, Ibarluzeagaz inprobisazio zein clown ariketetan trebatzeko aukera izango dute ikasleek. Besteak beste, gorputza aktibatzeko beroketa saioa, eta konplizitate jolasak egingo dituzte.
Garazi eta Unai Lopez de Armentiaren ikastaroan, ostera, dantza eta antzerkia elkartzen diren munduan murgilduko dira. Neutraltasunetik abiatuta, ikasleek adierazkortasun irudimentsu eta zehatza lortzea da irakasleen helburua, buruaren eta gorputzaren arteko komunikazio psikofisikoa eta norberak duen naturaltasun intuitiboa indartzeko.
Aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleek parte hartu dezakete topaketan, beste urte batez, eztabaidak, jakintza eta elkartrukea sustatuko dituzte. Halaber, azken hamabi urteetan legez, oraingoan ere egunero antzezlan bana eskainiko dute.