Herriko ume eta gaztetxoen beharrak kontuan hartuta, haien neurriko jolas parkea egiten ari dira Gizaburuagan. “Aspalditik nahi genuen horrelako zerbait egin, eta aukera izan dugunean, herriko ume zein gurasoekin batu gara bertan zer nahi den egin erabakitzeko. Zer nolako ideia zuten marrazki bidez ere adierazi digute, eta hortik abiatuta egin ditugu parkean egin beharreko hobekuntza guztiak”, azaldu du Juan Migel Arostegi Gizaburuagako alkateak.
Momentuz, parkearen
zati bateko lanak amaitu dituzte. Hainbat astez lanak egiten ibili ostean, asteon zabaldu dute berritu duten parkearen zatia. Kautxozko behegain berria ipini dute, eta horrez gain, hainbat jolas berri; parkera hurreratzen denak, besteak beste, txirrista biko gaztelu itxurako egurrezko eraikinean eta kulunka handian jolasteko aukera izango du.
Gizaburuagako jolas parke berria
Parkearen beste aldeko lanak, berriz, hurrengo fasean gauzatuko direla aurreratu du alkateak. Arostegik nabarmendu duenez, laster hasiko dira hurrengo faseagaz. “
Uda aurretik amaitu nahiko genituzke lanak”. Besteak beste, erabilera anitzeko 12×8 metroko kantxa txiki bat eraikiko dute. “Bertan futbolean edo saskibaloian jolastu ahal izango da, eta horretarako, futboleko ateak eta saskibaloiko saskiak ipiniko dira, besteak beste”. Gaineratu duenez, eremua itxita egongo da, hesi txiki bategaz, eta behegainean belar artifiziala ipiniko dute.
Berritu gabe dagoen aldeko jolasak, berriz, laister kenduko dituzte lanak egin ahal izateko. “Ondo dauden jolasak gorde egingo ditugu, eta lanak amaitzean dagoen lekuaren arabera, pentsatuko dugu horiekin zer egin”. Inguru guztia ere txukundu egingo dute. Parkean dauden eskulturak berriztu egingo dituzte, eta eskaladako rokodromoan falta diren piezak ere berritu, besteak beste.
Parkeko lanetan
24.200 euro inbertitu dira, eta Lea Ibarra bailaran azpiegituretan hobekuntzak egiteko proiektuaren barruan egin dira. Bailara osoko lanetarako, ostera, 230.869 euro bideratuko dituzte, eta hortik %55a Eusko Jaurlaritzak 2016ko programan emango duen diru laguntzari esker egingo dira. Beste %45a udal bakoitzak ipiniko du.