Gizaburuagako Udalak uda aurretik amaitu nahi ditu jolas parkeko lanak
Oraingoz, parkeko alde bateko lanak amaitu dituzte. Herriko ume eta gaztetxoen beharrak kontuan hartuta egin dituzte lanak. 24.200 euro inbertituko dira guztiraGizaburuagako jolas parkea berritzen hasita daude. Momentuz, parkeko zati bateko lanak amait...
Oraingoz, parkeko alde bateko lanak amaitu dituzte. Herriko ume eta gaztetxoen beharrak kontuan hartuta egin dituzte lanak. 24.200 euro inbertituko dira guztira
Gizaburuagako jolas parkea berritzen hasita daude. Momentuz, parkeko zati bateko lanak amaitu dituzte, eta bigarren faseko lanak uda aurretik amaituta eduki nahiko lituzketela adierazi du Juan Migel Arostegi Gizaburuagako alkateak.Alkateak nabarmendu duenez, gainera, herriko ume eta gaztetxoen beharrak kontuan hartuta, haien neurriko jolas parkea ari dira egiten. «Aspalditik nahi genuen horrelako zerbait egin, eta aukera izan dugunean, herriko ume zein gurasoekin batu gara bertan zer nahi den egin erabakitzeko. Zer nolako ideia zuten marrazki bidez ere adierazi digute, eta hortik abiatuta egin ditugu parkean egin beharreko hobekuntza guztiak».
Hainbat astez lanak egiten ibili ostean, asteon zabaldu dute berritu duten parke zatia. Oraingoz, kautxozko behegain berria eta hainbat jolas berri ipini dituzte. Hala, parkera joaten denak, besteak beste, txirrista biko gaztelu itxurako egurrezko eraikinean eta kulunka handian jolasteko aukera edukiko du.
Parkearen beste aldeko lanak, berriz, hurrengo fasean gauzatuko direla aurreratu du alkateak. Besteak beste, erabilera anitzeko 12?8 metroko kantxa txiki bat eraikiko dute. «Bertan futbolean edo saskibaloian jokatu ahal izango da, eta horretarako, futboleko ateak eta saskibaloiko saskiak ipiniko dira, besteak beste». Gaineratu duenez, eremua hesi txiki bategaz itxita egongo da, eta behegainean belar artifiziala ipiniko dute.
Bailarako lanekin batera
Berritu barik dagoen aldeko jolasak, berriz, laster kenduko dituzte lanak egin ahal izateko. «Ondo dauden jolasak gorde egingo ditugu, eta lanak amaitzean dagoen lekuaren arabera pentsatuko dugu horiekin zer egin», gaineratu du.
Inguru guztia ere txukundu egingo dute. Besteak beste, parkean dauden eskulturak berriztu egingo dituzte, eta eskaladako rokodromoan falta diren piezak ordezkatu egingo dituzte.
Parkeko lanetan 24.200 euro inbertitu dituzte, eta Lea Ibarra bailaran azpiegituretan hobekuntzak egiteko proiektuaren barruan egin dira. Bailara osoko lanetarako, ostera, 230.869 euro bideratuko dituzte, eta hortik %55 Eusko Jaurlaritzak 2016ko programan emango duen diru laguntzari esker egingo da. Gainerako %45 bailarako udal bakoitzak ipiniko du.