Harrijasotzaile ondarrutarrari gaur [otsailak 24] egin diote ebakuntza eskuin belaunean.
Lotailu gurutzatua eta meniskoa apurtuta zituen Inhar Urruzunok, eta eguerdian operatu dute Donostiako Gipuzkoako Poliklinikan. Ebakuntza egin eta ordu gutxira Urruzunok berak adierazi duenez, gaurko ebakuntza ondo joan da, eta medikua ere pozik geratu da. Gauzak ondo baldin badoaz, bihar [otsailak 25] jaso dezake senda-agiria.
Horrenbestez, Gorozikakoak denbora luzez ezingo du harri jasotzen aritu. Nabarmendu duenez, sei bat hilabete egin beharko ditu plazetatik kanpo. “Printzipioz,
denboraldi osoa galduko dut. Plazara ganoraz irten orduko, gutxienez sei bat hilabete pasako direla uste dut. Aurreko denboraldian zelako mailan ibili nintzen ikusita, aurten parte hartu gabe gelditzea tamalgarria da, baina hala tokatu zait”.
Azaldu duenez,
hilabeteak egon da eskuin belauneko minagaz. “Urriaz geroztik errehabilitazioan ere ibili naiz, baina pare bat hilabete errehabilitazioan ibili ondoren, ez dut inolako hobekuntzarik sentitu. Hobera egiten ez nuela ikusita, medikuak azkenean ebakuntza egitea erabaki zuen urtarrilaren erdi bueltan”.
Inhar Urruzuno Galbaixoko jaietan harri jasotzen
Lesioari dagokionez, Urruzunok ez daki zelan min hartu zuen. “Egun batetik bestera minagaz hasi nintzen. Erakustaldi batean sentitu nituen lehen minak, eta hortik aurrera egoera okertzen joan zen”.
Hurrengo orduetan senda-agiria jaso ostean, bi bat astez eskuin belauna
mugitu barik mantendu beharko du ondarrutarrak. Belauneko zauria orbaintzen denean puntuak kenduko dizkiote, eta ostean, errehabilitazioagaz hasi beharko duela aurreratu du. “Errehabilitazio luzea egin beharko dut”.