Mutrikuko EH Bilduren zinegotziek ohartarazi dutenez,
onartu berri den aurrekontuak “hutsune handiak” ditu, eta arrazoi horregatik,
ezezko botoa ematea erabaki zuten. “Iaz hitz magikoa ‘zuhurtzia’ bazen, aurten, horretaz gain, ‘ez dugu ikusten’ da. Udala dagoen egoera ekonomikoan egonda, hutsuneek gabezia handia erakusten dutela azpimarratu nahiko genuke”.
Gaineratu dutenez, aurrekontuan agertzen diren hainbat inbertsio egitea ontzat ematen badute ere, horiek izan beharko luketen pisua bestelakoa izan behar litzateke. “Ez dugu ukatzen aurrekontuak bere onurak ere sortuko dituela herrian, eta guk jasotako zenbait ekarpen ere jaso direla. Baina guretzat herri honek euri zaparrada ederra behar du, eta ez zirimiri edo euri langarra. Aurrekontuen helburuetan, gehienetan ados egonik ere, batari edo besteari ematen zaion
garrantziaren balorazioa da falta dena. Ezin dira gai guztiak era berdintsuan jarri; udalak lehenetsi egin behar lituzke oinarrizkoak diren alorrak”.
Koalizio abertzalaren iritziz, partida batzuetan gehiago inbertitu beharko litzakete
Koalizio abertzalearen ustez, aurrekontuan jaso diren partida batzuetan gehiago inbertitu beharko litzateke; irisgarritasunean, esate baterako. “Aurten iazko gerakinarekin erdiko kalean harlauzak jarriko dira, eta aurrekontuetan agertzen diren 40.000 euroko partidarekin Atxitxin jaitsierako eskailerak berrituko dira. Baina horrek irisgarritasunean oso eragin gutxi du”.
EH Bilduren ustez, eta eginiko plangintza baten arabera, 150.000 euro inguruko diru ekarpena egin beharko litzateke portua, erdialdea eta Entzus lotu arte. “Guztiok dakigu biztanleria gero eta zaharragoa dela, eta gure herri malkartsu honek burukomin handiak sortzen dituela herritarren artean. Turismoarentzat ere berebiziko garrantzia dauka. Kanpoko jendearen jarduna entzutea baino ez da behar”.
Inbertsio errealetan hirigintzara bideratutako den diru kopurua ere oso ekarpen txikia dela azpimarratu dute. Bide beretik, 2020rako berrituta egon behar duten Arau Orokorren inguruan zentimo bat ere ez dela inbertitu ohartarazi dute. “Beharrezkoa da, laster batean, arau berriei ekitea. Horretarako, SR1 Samikolla-Burumendi eta UEB1 Azkiaga, zein AR1 Kalogeroren blokeo egoera gainditu egin behar dira”.
[HONEKIN LOTUTA] Alkatearen kalitatezko botoarekin onartu dira Mutrikuko aurrekontuak