Berbalagun egitasmoa jarriko dute martxan Munitibarren
Hainbat herritarren eskariari erantzunez, Berbalagun egitasmoa sustatu du Munitibarko Euskara Batzordeak, eta datozen egunotan abiatuko dute.
Horrela, udalerrian azken urteotan euskararen erabilerak izan duen beherakadari aurre egin nahi diote. Eta jakitera eman dutenez, zeregin horretan urte honetarako aurreikusitako ekimenetako bat da Munitibarko Berbalagunak.
Egitasmoan parte hartzeko interesa duten bizilagunek martxoaren 10a arte dute izena emateko epea. 09:00etatik 14:00etara udaletxean izena eman behar da, edo bestela, helbide elektroniko honetara idatzi: euskera@munitibar.org.
Parte hartzaileen beharrizanak eta aukerak aztertu ostean osatuko dituzte taldeak, eta talde horietako kide guztien artean zehaztuko dituzte batzeko eguna, lekua zein ordutegia. Hain zuzen ere, izena emateko epea amaituta batzarra egingo dute erabaki horiek adosteko.
Munitibarren hainbat herritar dabiltza euskara ikasten, baina, askok egunerokotasunean ez dute ikasitakoa praktikan jartzeko aukerarik. Beraz, norekin erabili ez daukatenei edo euskara galduz doazenei zuzendutako egitasmoa da.
Baina, mintza praktika egiteko herriko euskaldun zaharrak ezinbestekoak dira, eta horien ardura izango da taldeak dinamizatzea, motibazioa lantzea eta elkarrizketetan laguntzea.
Euskaldun berriak zein zaharrak Berbalagunean parte hartzera animatu dituzte: “Gure herriak euskaldun izaten jarraitu dezan, guztion laguntza da beharrezkoa, bai ikasten dabilenarena bai betiko euskaldunena. Hurbildu zaitez euskarara!”.