Eleizaldek frantziskotarrak omendu ditu, ikastolari emandako laguntzagatik
Pedro Laspiurrek egindako plaka bat jarri dute Taraskan; horri esker, herritarrek ikastola non sortu zen gogoratu ahalko dutela esan zuen zapatuko ekitaldian ikastolako zuzendari Iñaki Beitiak1966. urtean sortu zuten Bermeoko Eleizalde ikastola. Frant...
Pedro Laspiurrek egindako plaka bat jarri dute Taraskan; horri esker, herritarrek ikastola non sortu zen gogoratu ahalko dutela esan zuen zapatuko ekitaldian ikastolako zuzendari Iñaki Beitiak
1966. urtean sortu zuten Bermeoko Eleizalde ikastola. Frantziskotarren laguntzagaz eman zituen lehen pausoak, haiek utzitako lokalean hasi baitziren eskolak ematen. Hasierako urteetan emandako laguntza eskertze aldera, Eleizalde ikastolak frantziskotarrak omentzeko ekitaldia egin zuen zapatuan.1978. urtera arte egon ziren frantziskotarren lokalean Derrigorrezko Hezkuntzako mailak, Arenera pasatu aurretik. Haur Hezkuntza, ordea, gaur egun Erreten Lamera den gunean mantendu zuten 1983. urtera arte. Urte hartako uholdeek den-dena suntsitu, eta gaur egun ikastola dagoen tokiak hartu zituen aurrerantzean maila guztiak.
Zapatuan Taraskan egin zuten ekitaldian Eleizalde ikastolako zuzendari Iñaki Beitiak gogoratu zuen gaztea zenean pozik joaten zirela frantziskotarrek utzitako lokalera, eskolak hartzera. Sasoi hartan, ikastolaren sortzaileek momentu gogorrak bizi izan zituztela argitu du. Hala ere, arerioak izan arren, lagunak ere bazituztela esan zuen.
Lagun horiek frantziskotarrak ziren, eta, horregatik, haiei omenaldi xumea egin die ikastolak. «Lagunak izan ditugu beti, bai gu laguntzen, eta gugaz batera, euskara eta euskal kultura zaintzen eta zabaltzen. Denok herrian sartuak» esan zuen Beitiak. «Lan horri esker, haziak fruitu ederrak ematen ari da, eta hori eskertu behar da. Horregatik guztiagatik, 50 urte betetzen ditugunean, frantziskotarrak omendu gura ditugu, egindako lana eskertuz».
Elkarlana agerian
Pedro Laspiurrek egindako plaka ipini zuten Taraskan, eta hari ere eskerrak eman zizkion ikastolak, irudiak frantziskotarren sena, izaera adierazten duelako. «Herrian sartua, baina beti itsasoari begira, Izarora begira, euren antzinako komentuari begira», esan zuen Beitiak. Eta Bermeoko Udalarentzat ere esker oneko berbak eduki zituen, «plaka hau jartzerakoan herritarrek ikastola non sortu zen gogoratuko dutelako, eta horrela, urteetan eta, agian, mendeetan, Eleizalde ikastolaren eta frantziskotarren arteko elkarlana agerian geratuko delako».
Plaka erakutsi ostean, frantziskotarrek hartu zuten berba. Omenaldia eskertu ostean, duela 50 urte Bermeoko ikastolaren sorreran bidelagun izan zuten Aita Adrianek hartu zuen hitza, hain zuzen. Euskararen aldeko mezua zabaldu zuen, han bildutakoei herriko hizkuntza erabiltzeko eskatuz.
Ohorezko aurreskuagaz hasi zen omenaldia, eta abesbatzak jarri zion amaierako doinua.