Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarra sei bat hilabete egongo da plazetatik kanpo
Eskuin belaunean ebakuntza egin diote. Lotailu gurutzatua eta meniskoa apurtuta zituen Gorozikakoak. Ebakuntzak ondo irten badu ere, arteria apurtu eta bigarren ebakuntza egin dioteInhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrari ebakuntza egin zioten joa...
Eskuin belaunean ebakuntza egin diote. Lotailu gurutzatua eta meniskoa apurtuta zituen Gorozikakoak. Ebakuntzak ondo irten badu ere, arteria apurtu eta bigarren ebakuntza egin diote
Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrari ebakuntza egin zioten joan den barikuan, eskuin belaunean. Lotailu gurutzatua eta meniskoa apurtuta zituen, eta eguerdian operatu zuten Donostiako Gipuzkoako Poliklinikan. Ebakuntza egin eta ordu gutxira Urruzunok berak adierazi zuenez, barikuko ebakuntza ondo joan zen, eta medikua ere pozik geratu zen.Euskadiko harri txikien txapeldunak, berez, zapatuan jaso behar zuen senda-agiria, baina arteria bat apurtu, eta berriro ebakuntza egin behar izan zioten zapatuan. «Dena kontrolpean eduki arte ospitaleratuta egon beharko dut. Gauzak ondo badoaz, gaur senda-agiria jasotzea espero dut».
Mugitu barik
Senda-agiria jaso ostean, bestalde, bi bat astez eskuin belauna mugitu barik mantendu beharko du ondarrutarrak. Belauneko zauria orbaintzen denean puntuak kenduko dizkiote, eta ostean, errehabilitazioagaz hasi beharko duela aurreratu du. «Errehabilitazio luzea egin beharko dut».
Horrenbestez, Gorozikakoak denbora luzez ezingo du harri jasotzen aritu. Nabarmendu duenez, sei bat hilabete egin beharko ditu plazetatik kanpo. «Printzipioz, denboraldi osoa galduko dut. Plazara ganoraz irten orduko, gutxienez sei bat hilabete pasako direla uste dut. Aurreko denboraldian zelako mailan ibili nintzen ikusita, aurten parte hartu barik gelditzea tamalgarria da, baina hala egokitu zait».
Azaldu duenez, hilabeteak egon da eskuin belauneko minagaz. «Urriaz geroztik errehabilitazioan ere ibili naiz, baina pare bat hilabete errehabilitazioan ibili ondoren, ez dut inolako hobekuntzarik sentitu. Hobera egiten ez nuela ikusita, medikuak azkenean ebakuntza egitea erabaki zuen urtarrilaren erdi bueltan».
Lesioari dagokionez, Urruzunok ez daki zelan min hartu zuen. «Egun batetik bestera minagaz hasi nintzen. Erakustaldi batean sentitu nituen lehen minak, eta hortik aurrera egoera okertzen joan zen».