Ahaztuen Oroimena elkarteak omenaldia antolatu du Zelaietaburun
Bertan gertatutakoa jasota geratu dadin informazio panel bat ere inauguratuko dute. Milizianoek erabiltzen zuten bidezidorretan seinaleak jarri dituzte. Ibilaldia antolatu dute omenaldi guneraMartxoaren 5ean urtebete izango da Ahaztuen Oroimena elkarte...
Bertan gertatutakoa jasota geratu dadin informazio panel bat ere inauguratuko dute. Milizianoek erabiltzen zuten bidezidorretan seinaleak jarri dituzte. Ibilaldia antolatu dute omenaldi gunera
Martxoaren 5ean urtebete izango da Ahaztuen Oroimena elkarteak, Aranzadigaz batera, Zelaietaburun lehen deshobiraketa burutu zuenetik, eta aste gutxi barru 80 urte beteko dira 1937ko apirilean tropa faxistak gerra frontean aurrera egin eta Bizkaian sartu zirela. Data horiek aitzakia hartuta, omenaldia antolatu du Ahaztuen Oroimena elkarteak, domekan, 12:00etan, Zelaietaburun.Bertan geratutakoa jasota geratu dadin, eta bertara doazenek han gertatutakoa errazago ulertzeko, informazio panel bat ere inauguratuko dute, omenaldiagaz batera. «Erresitentzia gunetik memoria gunera igaro eta leku horretan gertatutakoa memorian gordetzea nahi dugu, horretarako informazio panelagaz gain, bertara iristeko bidean seinaleak jarri dira. Informazio horrek egiari zein memoria kolektiboari ekarpena egin nahi dio», azaldu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek.
Horrela, Artibai Mendigoizale Taldeagaz eta ETX kultur elkarteagaz batera, omenaldira joateko ibilaldia ere antolatu dute, frontean zehar. «Miliziano eta gudariek egiten zuten bidezidor eta pistetatik joango gara Zelaietaburura, eta bidean zehar gertatutakoa oroituko dugu».
Markina-Xemeindik irteera 09:00etan izango da, Arkupetik, eta gero, 09:30ak aldera, Etxebarriko Beide baserriaren aurrean batuko dira ibiltariak Zelaietaburura igotzeko. «Beide erre egin zuten 1936ko urriaren 28an, eta bertan hil zuten Juan Jose Idoeta Amoto baserrikoa. Horregatik erabaki dugu ibilbidea Beiden hastea».
Beidetik irtenda, Zulueta, Akarregi, Egixarre, Amulategi, Atsoin Zabal, Adrin eta Koosatik igaroko dira ibiltariak, eta, besteak beste, data eta gertaera esanguratsu bi oroituko dituzte bidean: 1936ko Egixarreko borroka eta 1936ko urriaren 20an Amulategi baserriaren ondoan tirokatu zuten Jose Sagarna abadearen heriotza.
Lubakia
Ahaztuen Oroimenekoek gogora ekarri dutenez, Zelaietaburuko gainean, Gipuzkoarako begiratokian, lubakia egin zuten erreketeek 1936ko irailaren bigarren hamabostaldian, eta egun batetik bestera utzi behar izan zuten posizioa, 1936ko irilaren 29an Kalamuako gainean baitziren. Gudari eta miliziano antifaxistek sortutako erresistentzia gunea okupatu egin zuten orduan faxistek, eta Zelaietaburuko gainearen beste aldean, Etxebarrira begira, kokatu ziren.
Gudari eta milizianoek egindako lubakian hiru gorpuzkin deshobiratu zituzten 2016ko martxoan eta apirilean, baina, Ahaztuen Oroimena elkartekoek azaldu dutenez, zoritxarrez ezin izan dute jakin nortzuk diren. «Hiru hilketa horiek noiz gertatu ziren ezin izan dugu argitu, baina baliteke 1937ko martxoa-apirilean gertatu izana, faxistek Bizkaia okupatzeko ofentsiba hasi baino lehenago. Izan ere, milizianoek zenbait saiakera egin zituzten Markinaldeko sektorean eta Eibarkoan faxisten aurka. Milizianoek egindako ofentsiba batean, faxisten lerroa gainditu eta erail zituztela uste da».
Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, hobiraketa horiek berezitasuna dute, izan ere, ez omen da ohikoa lubakian gorpuak hobiratzea.
Gertaera guzti horiek jaso ondoren, Zelaietaburuko erresistentzia gunea berreskuratu eta memoria gunera igarotzea garrantzitsutzat jo zuen elkarteak. «Orain, azken pauso honegaz, Zelaietaburuko ibilbidea biribilduko dugu datorren domekan».
Erakusketa
Zelaietaburuko berreskuraketan egindako lan guztia garbiketa eta deshobiraketaikusgai jarriko du, gainera, Ahaztuen Oroimenak, domeka arratsaldean bertan Etxebarriko udaletxean zabalduko duen erakusketan. «100dik gora argazki egongo dira ikusgai dozena bat paneletan banatuta», zehaztu dute.
Erakusketa zabalik egongo da apirilaren 2a arte, astean zehar, 09:00etatik 14:00etara eta asteburuetan 16:30etatik 18:30etara.