Alkatearen kalitatezko botoarekin onartu dituzte Mutrikuko aurrekontuak
6.051.705 euroko aurrekontua izango du Mutrikuko Udalak. Zor bizia %12,72ean murriztu dute urtebetean. Inbertsiorik handienak iazko soberakinetatik egingo dituzteEgueneko ohiko osoko bilkuran onartu zituzten aurtengo aurrekontuak, eta ez zituzten aho b...
6.051.705 euroko aurrekontua izango du Mutrikuko Udalak. Zor bizia %12,72ean murriztu dute urtebetean. Inbertsiorik handienak iazko soberakinetatik egingo dituzte
Egueneko ohiko osoko bilkuran onartu zituzten aurtengo aurrekontuak, eta ez zituzten aho batez onartu. Izan ere, udalbatza osatzen duten bi alderdi nagusiak ez ziren bat etorri, eta, azkenean, alkatearen kalitatezko botoak izan zuen aurrekontuak onartu edo ez erabakitzeko erantzukizuna. Hain zuzen ere, EAJren sei zinegotziak aurrekontuen alde agertu ziren, eta EH Bilduren sei zinegotziak, berriz, aurka. Berdeak Independenteak taldeko zinegotzi bakarra abstenitu egin zen, eta bi talde nagusien artean berdinketa eman ostean, bigarren bozketa bat egin behar izan zuten.Horrenbestez, 6.051.705 euroko aurrekontua onartuta geratu zen eguenean. Datuak kontuan hartuta, iaz baino %0,67 txikiagoa da aurtengo aurrekontua 41.116,9 euro gutxiago.
Udalak daukan zorra ere nabarmen jaitsi da iaztik hona, %49,91etik %37,19era. Udalak emandako datuen arabera, zor bizia 2.251.074 eurokoa zen 2016ko abenduaren 31n, eta 2.824.703 eurokoa urtebete lehenago. «Ditugun aurreikuspenen arabera, zor bizia %28,56ra jaitsita nahiko genuke bukatu urtea. Hau da, 1.728.747 euroko zor biziarekin», azaldu du Jose Angel Lizardi alkateak.
Zorraren finantzatze zam, bestalde, 577.500 eurokoa izan da. Horietatik, 525.500 euro amortizazio gastuak izan dira, eta 52.000 euro interesak.
Atxikitutako diru kopurua
Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua kupoa negoziatzen ari dira, eta diru bilketa espero baino txikiagoa izan litekeenez, 170.000 euro gordeta eduki beharko ditu udalak, kopuru hori aldundiari bueltatzea tokatzen baldin bada ere. «Horrek ere, zoritxarrez, mugatu egingo ditu egin beharreko hainbat inbertsio, eta beste zenbait atzeratu ere egin ditzake».
Alkateak azaldu duenez, bestalde, aurtengo inbertsiorik handienak 2016ko aurrekontuen soberakinetatik egingo dira. «Oraindik ez dugu 2016ko ekitaldia itxi, eta ez dakigu zehatz zenbateko soberakina izango dugun». Eta gerakin horiekin, oro har, Egañaneko frontoia berritu nahiko luketela azaldu du. «Aldundiak ematen dituen diru laguntzeak eskatuko ditugu. Diru laguntza posible horiekin eta nahikoa gerakin baldin badugu, Egañaneko frontoian zerbait egin dezakegu. Bestela, aurreikusitako beste lan batzuetara bideratuko dugu diru hori».
Sailei dagokienez, ongizate sailean hainbat inbertsio egingo dituzte. Aurten, esate baterako, partida berri bat sortu da errenta baxua kobratzen duten herritarrentzako eta etxebizitza errentan daukaten gazteentzako. 20.000 euro bideratuko ditu udalak laguntza horietara.
Era berean, etxez etxeko zerbitzua indartu egingo dute 2017an. Eta, horretarako, iaz baino 19.000 euro gehiago inbertituko ditu; guztira, 160.000 euro. «Herritarren aldetik zerbitzu horren beharra gero eta handiagoa da. Eskaera kopurua gora doan neurrian, inbertsioa ere gehitzea erabaki dugu, herritar horiei guztiei ahalik eta ondoen erantzun ahal izateko».
Bikoitza
Udalak hirugarren munduko herrialdeak laguntzera bideratzen duen diru partida, bestalde, bikoiztu egin dute; 8.000 euro bideratuko dituzte aurten. 80 urtetik gorako herritarrak zein egoeratan bizi diren, eta euren beharrak ezagutzeko diagnosi bat egingo da. Horretarako, 12.000 euro gordeko dituzte.
Azkenik, Berdintasunerako diru partida ere nabarmen igo da, 8.550 eurotik 15.000ra. «Azaroaren 25ean egindako osoko bilkuran aho batez onartutako mozioan, besteak beste, diru partida hori handitzea onartu zen».
Kultura sailera bideratzen den diru partidak ere gorakada izango du aurten. Kultur ekintzak eta herriko jaiak indartzeko iaz baino 5.000 euro gehiago izango dira; 53.600 euro, guztira.
Inbertsio errealetara 241.650 euro bideratuko dituzte. 40.000 euro, esaterako, irisgarritasuna hobetzeko. Udal artxibo historikoa ia guztiz digitalizatuta baldin badago ere, digitalizatzeke dagoen zatirako 5.000 euro zehaztu dituzte. Iaz egin modura, gainera, aurten ere energia eraginkorren inbertsioetara partida berezi bat bideratuko du udalak. Hau da, komeni den lekuetan kaleko argiteria aldatu egingo du, kontsumo gutxiko led sistemagatik. Horretarako, 30.000 euro zuzenduko dira.
Osoko bilkurak, zuzenean
20.000 euro inbertituko dira lur publikoak bereganatzeko. «Iaz 10.000 euro bideratu ziren lur publikoa erosteko, baina azkenean ez zenez lurrik erosi, partida hori beste horrenbesterekin indartzea erabaki dugu. Guztira 20.000 euro inbertituko dira: aurtengo 10.000 euro eta iazko gerakineko beste 10.000».
Beste alde batetik, osoko bilkurak zuzenean eman nahi dira hemendik aurrera, streaming bidez, eta dagokion tresneria erosteko 5.000 euro inbertituko dira. Herri galdeketak egiteko, berriz, 10.000 euro bideratuko dituzte.