Denboraldiko lehen antxoa 6 euro azpitik saldu da Ondarroan
Galiziako 'Abra de Aguiño' arrantzontziak porturatu ditu lehen aleak. Elantxobetik eta Donostiatik gertu harrapatutako tamaina txikiko antxoa porturatu duteAtzo goizaldean zabaldu zen antxoa kostera, eta lehen aleak ere atzo bertan ikusi ahal izan zir...
Galiziako ‘Abra de Aguiño’ arrantzontziak porturatu ditu lehen aleak. Elantxobetik eta Donostiatik gertu harrapatutako tamaina txikiko antxoa porturatu dute
Atzo goizaldean zabaldu zen antxoa kostera, eta lehen aleak ere atzo bertan ikusi ahal izan ziren euskal portuetan. Ondarroako bentan iazko preziogaz alderatuta, nabarmen merkeago saldu ziren lehen aldeak; 6 euro azpitik.08:30ean jo zuen turrunak, eta hiru turrun entzun orduko, asko izan ziren portura gerturatu ziren herritarrak. Goizean, 2.300 kaxa 18.400 kilo inguru lehorreratu zituzten lau baxurako ontzik. Arratsaldean, berriz, beste ontzi batek beste 500 kaxa 3.000 kilo inguru deskargatu zituen.
Antxoa porturatzen lehenak Abra de Aguiño ontziko marinelak izan ziren. Galiziako arrantzaleek 600 bat kaxa antxoa deskargatu zituzten 09:20ean. Ikusmin handia sortu zuten denboraldiko lehen aleek, eta bentalekua ere jendez bete-bete eginda egon zen.
10:00etan egin zen lehen benta, eta nahikoa antxoa gaztea saldu zen; kiloko 60 eta 62 ale bitarteko tamaina eduki zuten lehendabizi saldu ziren arrain sortek. Llorentek erosi zuen 120 kaxako lehen sorta, eta kiloa 5,78 euroan ordaindu zuten. «Freskorako salduko dugu, eta gehiena Euskal Herrian merkaturatzeko asmoa daukagu», azaldu zuten Llorentetarrek. Lehen bentako alerik merkeenak, berriz, 5,28an saldu ziren.
Sardinagaz nahastean
Lehen benta egin baino minutu batzuk arinago, berriz, Nuevo Hermanos Cortabitarte porturatu zen, 09:50ean. Kantabriarrek ia 100 kaxa antxoa deskargatu zituzten. 10:15ean, ostera, Nuevo Libe porturatu zen beste 500 kaxagaz. Santoñarrek arrain handiagoa arrantzatu baldin bazuten ere kiloan 49 alekoa bentan ez zen garestiago ordaindu. Alerik garestienak 4,54euroan saldu ziren, eta merkeenak, 4,13an. Ruben Trueba Nuevo Libe-ko patroiak adierazi zuenez, goizaldean itsasoratu ziren, 02:00ak aldean. «Kosterako lehen egunean antxoa harrapatzeko aukera edukitzea ona izan da. Elantxobe inguruan ibili gara arrantzan».
Nuevo Panelo Villa, azkenik, 11:00etan porturatu zen. 1.100 kaxa lehorreratu zituzten laredotarrek, baina antxoa sardinagaz nahastean etorri denez, oso merke saldu zen; 2,50 euro inguruan.
Bi gunetan
Atzo, oro har, kopuru aldetik antxoa askorik egon ez baldin bazen ere, kanpaina hasteko kopuru polita zela adierazi zuten Ondarroako kofradiako arduradunek. «Egia esan, baxurako ontzi gutxi dabiltza arrantzan. Asko jota, dozena bat».
Arraina, bestalde, bi gunetan harrapatu zuten: Elantxobe eta Donostia parean. Bizkaiko uretan arrantzatutako aleak zer edo zer handiagoak izan ziren, kiloan 50 ale ingurukoak, eta Gipuzkoako uretakoak, berriz, txikiagoak, 60 ale bueltakoak.
Sorta gehienak, gainera, sardinagaz nahastean etorri ziren.