Garoña berriro zabaltzen baldin bada, bere ustiapena nabarmen luzatu daitekeela dio Fernando Salegi Martinez (Elgoibar, 1963) Eguzki talde ekologista eta antinuklearreko kideak. Erabaki horrek arrisku larrian jarriko luke Lea-Artibai eta Mutriku, besteak beste.
Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak Garoña zabaltzeko oniritzia eman du.
Hori, tamalez, horrela da. Erabaki hori hartzeko orduan baldintzatuta ere egon direla jakin dugu. Teknikoak, hain zuzen ere, baietza emateko sekulako presioa ari dira jasotzen. Garoña berriz zabaltzeko gai ez direla izango pentsatu nahi dugu, baina ikusten denaren arabera, horren atzetik hainbat interes daude.
Zer interes?
Oro har, bi interes nagusi daude. Alde batetik, interes ekonomikoa egongo litzateke. Garoña 40 urte baino gehiago egon da martxan, eta ondo amortizatuta dago jada.
Eta bestetik?
Beste interesako bat, eta energia oso merke lortzeko asmoagaz, zentral nuklear horren ustiapena nabarmen luzatzea da.
Garona zabaltzearen aurka egindako protesta bat
Zenbateraino?
Hasiera batean 60 urte arte zabalik eduki nahi dute Garoña, baina baimen hori oso erraz lortu dutenez, litekeena da 80 urtera arte ere luzatzea zentral horren ustiapena.
Garoña lau urte baino gehiago egon da geldituta, eta frogatu ahal izan denez, energia hornidura berdin-berdin egon da
Zer eragin edukiko luke ustiapen urteak luzatzeak?
Erabaki horregaz, hain zuzen ere, gure osasunagaz eta ziurtasunagaz ari dira jokatzen. Garoña martxan jarri eta ustiapen baimena luzatzen baldin bada, gainera, Espainiako beste zentral nuklearretan ere gauza bera egin nahi dutela uste dugu. Espainian ia 40 urte beteko duten beste bost zentral nuklear daude, eta pentsa horrek guztiak hainbeste urtez zabalik egoteak zer arrisku eragingo lukeen.
Espainiako Gobernua, bestalde, Garoña zabaltzea aztertzen ari da. Horren beharrik ba al dago?
Ez dago energia nuklearraren beharrik. Espainia mailan, berez, beste era bateko energia soberan dago. Garoña lau urte baino gehiago egon da geldituta, eta frogatu ahal izan denez, energia hornidura berdin-berdin egon da. Hainbat erakundek, berriz, energia nuklearra merkeago dela sinetsarazi nahi digute, baina hori gezurra da.
Zergatik?
Zentral nuklearren enpresa arduradunek hainbat laguntza jasotzen dituzte Espainiako Gobernuaren aldetik, eta horrek merketzen du energiaren kostua. Hortaz, baliabide horren zati handi bat denon artean ordaintzen dugu. Energia nuklearrak, gainera, beste hainbat gastu ere baditu.
Zeintzuk, esaterako?
Hondakin nuklearrak ez dira inoiz desagertzen, eta horiek ondo gordeta egon behar dira. Eta horren inguruko kostua ere oso handia da.
Fernando Salegi, Garoña zabaltzearen aurkako kartel bat eskuan
Datuen arabera, ez dago Garoña zabaltzeko benetako beharrik. Euskal Herrian, esaterako, nahikoa energia sortzen da.
Bai, hori da. Hemen energia kanpotik ekarritako gasagaz sortzen dugu. Askotan bertan daukagun energia ez da behar bezala erabiltzen. Castejonen (Nafarroa), esaterako, bi zentral termiko daude. Horietako bat martxan baldin badago ere, bestea noizean behin pizten dute.
Adituek diotenaren arabera, 150 kilometroko eremu batean kalteak nabarmenak izango lirateke.
Garoña zabaldu, eta istripu bat gertatuko balitz, zer eragin izango luke hemen?
Garoña urruti dagoela dirudien arren, ez dago hain urruti ere. Arabako mugatik, esate baterako, oso hurre dago. Lea-Artibaitik, bestalde, 90 kilometro baino gutxiagora dago. Egia esan, horren inguruko kontzientzia gutxi dago gure jendartean. Arriskua erreala da. Txernobylen eta Fukushimaren moduko hondamendi bat egongo balitz hemen ere arriskuan egongon ginateke.
Ze neurritan?
Adituek diotenaren arabera, 150 kilometroko eremu batean kalteak nabarmenak izango lirateke. Baina kalteak eremu horretatik haratago ere zabaldu daitezkeela uste da. 1986an Txernobylgo hondamendi nuklearra gertatu zenean, esaterako, euskal herriraino ailegatu ziren erradioaktibitatez betetako laino toxikoak. Garoñak, gainera, oso teknologia zaharra dauka. 1970an inauguratu zuten, eta horrek ere istripu larri bat izateko aukerak biderkatzen ditu. Garoña, hain zuzen ere, lehen belaunaldiko zentraletako bat da; besteak beste, Txernobylgo zentral nuklearraren teknologia oso berdintsua dauka. Eta zentral horretan hainbat azpiegitura berritu ahal badira ere, erreaktore nuklearra ezin da inoiz aldatu.
Zergatik?
Hori betirako da. Dakigunaren arabera, gainera, hainbat arrakala dauzka. Arriskua, beraz, hor dago. Aurretik ere hainbat istripu txiki egon dira, eta hurrengoa auskalo noiz izan daitekeen.
Energia nuklearra erabiltzen duten Iberdrola edo Endesa moduko enpresen aurkako boikota bultzatzen dugu
Jendartean kontzientzia handirik ez baldin badago ere, gero eta jende gehiago dago gaiagaz kezkatuta, ezta?
Aurreko astean, esate baterako, jende gutxi agertuko zelakoan, sekulako jendetza batu zen Gasteizko giza katean. Ikusten denez, jendea nahikoa beldurtuta dago.
Berton ere hasi da mugimendua martxan.
Lea-Artibai eta Mutrikun ere bagabiltza zerbaitetan. Jendartea gaiak duen garrantziaz jabetu dadin, esate baterako, hainbat kartel jartzen ari gara herriz herri. Beste alde batetik, energia nuklearra erabiltzen duten Iberdrola edo Endesa moduko enpresen aurkako boikota ere bultzatzen dugu.
Zelan egin daiteke boikot hori?
Beste eredu energetiko batzuk posible direla uste dugu. Gaur egun, energia berdea eskaintzen duten alternatibak baditugu; Goiener kooperatiba, esaterako. Diru aldetik beste konpainien beste edo zer edo zer merkeago kostatzen da, gainera. Lortutako mozkinak ze proiektu alternatibotan inbertitu erabakitzeko aukera ematen diete bazkideei.