Alaia ume kanten bilduma CDa kaleratu du Maribi Unamunok (Aulesti, 1957). Hark umetan ikasitakoak dira gehienak. Haren Alaia ilobari egindako oparia, opari ikaragarria bihurtu dela dio.
Ume kanten bilduma da Alaia CDa. Zelan sortu zen proiektua?
Gure lobak eta semea jaio zirenean gure gurasoak haiei kantak kantatzen hasi ziren, eta ni konturatu nintzen kanta denak nekizkiela. Ez nuen gogoratzen niri umetan kantatzen zizkidatenik. Gero, nik ere kantatzen nizkien etxekoei, loba biei eta semeari. Orain dela 30 bat urte lagun batek esan zidan ea grabatu ahal nituen kasete batean. Ume txikia zuten lagun batzuk zituen, eta euskaraz ume kantarik ez zekitenez haiei emateko nahi zuen. Eta akordatu ahala grabatu nituen kasetean. Beranduago beste lagun batzuei ere eman nizkien. Hori izan zen proiektuaren hazia.
Zuk abestutako kantak dira, beraz.
Bai, kantatzea asko gustatzen zait, baina ez naiz kantaria. Kasetean gordetakoan zaindu gabeko edukiak zeuden bakarrik, modu inprobisatuan eginiko lana izan zen. Iaz gurean Alaia jaio zen, Lorea eta Jon iloben alaba, eta orduan kasetean nituenak CD batean grabatzea erabaki nuen. Egia esan, hauekin zer edo zer egiteko gogoa lehenagotik neukan. 30 urteko proiektu bat da; ez zen proiektu moduan abiatu, baina ideia 30 urteotan bueltaka ibili zait.
Unamuno, ‘Alaia’ CDa eskuetan duela.
Momentuz ez dago salgai, baina zenbait herritarren artean banatu duzu.
Hau opari bat da, eta barruan opariak ditu, eta nik ere oparitu dut. Esaterako, herriko Haurreskolakoei eman nien bat. Hasierako asmoa Alaiari opari bat egitea zen, eta gero opari ikaragarria bihurtu da. Niretzat ere oparia da. Umeak dituzten herriko hainbeste jenderi oparitzen joan naiz, eman egin diet. Begitantzen zait honen izatea dela umeek dituztenek kantak entzun, haiek ikasi eta haiek kantatzea. Eta askori gogora ekartzeko balioko die, piztu egingo ditu, eta hori ere oso garrantzitsua da. Jendeak CDa entzun duenean esan dit, denak ez, baina batzuk bazekizkiela. Ez dira nik asmatutakoak edo sortutakoak, ahoz ahoko tradizioko kantak dira. Batez ere eskertzekoak dira bilduma osatzeko izan ditudan opariak: bai grabatzeko, grabazio prozesurako, edukiari dagokionez kantak emateko, osatzeko… Asko estimatzen ditut.
Filologoa zara, umeei buruzko antzeko beste lanik egin duzu?
2014-2015 Euskalinguan ume kantei buruzko artikulu bat atera nuen. Euskalingua 24an entzuteko moduan dago. Hori egitean lasaiago geratu nintzen; forma akademikoa eman niolako, forma nahikoa duina eman nion.
Unamuno: “Ahots hutsean daude, eta oso kanta hurbilak direla pentsatzen dut”
Herriko Altxatune musika estudioan grabatu duzu. Zelako esperientzia izan da?
Egun batean Txortxegaz berba egin nuen, eta hark pozik lagunduko zidala esan zidan. Oso eskuzabal portatu da, eta asko eskertzen diot laguntza; bere denbora, jakituria eta baliabideak, denak ipini zituen nire esku. CDa neuk egin dut, zer sartu zelan nik erabaki dut, baina bere kolaborazioa izugarri eskertzen diot, haren profesional esku barik ez zen gauza bera izango. Hasieran pentsatu zuen soinuren bat sartzea, baina gero begitandu zitzaion zeuden moduan zeudela ondoen. Ahots hutsa da, ez da beste ezer. Izan ere, umeekin gaudenean ez dugu gitarrak edo bestelako musika tresna batek lagunduta abesten. Modu naturalean umeei kantatzen zaizkie norberaren ahotsagaz. Alde horretatik oso kanta hurbilak direla pentsatzen dut.
Maketazioa ere herriko Ibegrafiken egin dizu.
Maketazio oso polita egin didate. Azalagaz batera, kanten letren liburuxka ere sartu dut. Produktu mimatua izan da. Nik grabatzea nuen buruan, baina maketazioarena eta zenbat kaleratzearena ez nuen pentsatu. Azkenean 100 CD ateratzea erabaki genuen. Oso pozik nago egin izanagatik. Berez, antzinako gauzen zalea naiz; dena gustatzen zait, eta orain arte ailegatu diren kanta askori aurrerabidea ematen die. Uste dut honen balioa dela tradizioa urrunetik ekartzea, eta jendearen memorian dauden kantak piztea.
“Gaur egun ahozko tradizioa ere grabatu egiten dugu, baina abesti hauek ahoz etorritakoak dira. Hauek menderik mende, belaunaldiz belaunaldi ailegatu dira guregana. Ezin liteke jakin nondik datozen, herrikoiak direlako”
Zenbat kantagaz osatu duzu?
27 kanta sartu ditu. Batzuk atal txiki-txikitxoak dira, oso laburrak, errepikatzen diren bizpahiru lerro. Beste batzuk luzeagoak dira; azkena, esaterako, amaigabekoa da. Beste batzuk atzamarrekin edota eskuekin jolasak dira. Batzuek melodia dute, eta beste batzuk errezitatuak dira. Denen oinarria da erritmoa, eta batzuek erritmoaren gainetik melodia dute, eta beste batzuk errezitatu moduan erritmo batean sartzen zara, eta erritmo horri eusten die.
Denak al dira zure gurasoengandik jasotakoak?
23 eta 24 lagun batek oparitu zizkidan, eta 27a beste batek. Jaso ditudan opariak dira horiek. Besteak nire gurasoengandik jasotakoak, ikasitakoak dira. Ez ditut moldatu; ikasitako moduan jaso ditut. Ez dut ezer apaindu. Ahozkoak moldagarritasuna dauka beti; bertsio asko daude. Askok beste letraren bategaz jakingo dituzte.
Kanta herrikoiak dira denak. Batzuk askorentzat ezagunak izango dira, baina beste batzuk gutxik jakingo dituzte.
Bai, adibidez, Txalo Pin Txalo oso ezaguna da. Maro Marutxu eskuekin jolasteko da. Peru eta Marixen ipuinak ere bertsio asko ditu. Mikroipuina da. Ez du ezer kontatzen, baina umea mundu magikora eroaten du. Errealitatetik alde egiten du. Umeei errealitatea izatea edo ez izatea ez zaie ardura, umeak hari ipuina kontatzea nahi du; haregaz egotea.
“Irakasle Eskolako irakasle bategaz berba egin dut, eta han aurkezpenen bat egiteko asmoa daukat, maisu maistra izango diren ikasleei kantok eta eurokin olgetako modua irakasteko”
Zelako kantak dira?
Antzinako gizartearen isla dira, aurreragoko gizartearenak. Gaur egun ahozko tradizioa ere grabatu egiten dugu, baina hauek ahoz etorritakoak dira. Hauek menderik mende, belaunaldiz belaunaldi ailegatu dira guregana. Ezin liteke jakin nondik datozen, herrikoiak direlako. Ni benetan gustura geratu naiz, begitandu zitzaidalako produktu polita eta balioa duena dela. Honen balioa, niretzat, zabaltzea da, eta hartu dutenek estimatzea.
Ahozko tradizioa gordetzeko ere balio du.
Tradizioak gurera ekarri, eta aurrera jarraitzeko bidea ipini du, moduren batean. Beharrezkoa da ahozko ondareari oro har eta ahozko literatura eta haur literaturari balioa eman eta gordetzea. Ez bada gordetzen edo mantentzen, galdu egiten delako. Hasieran pentsatu nuena baino lan garrantzitsuagoa da.
Proiektuak edukiko du jarraipenik?
Proiektu denen moduan amaitu duzula pentsatzen duzunean beste batzuk sortzen dira. Proiektu txiki-handi bat da; bihotzagaz egindako lan txiki, baina handi bat. Zabalkunde lana ekarri dezake: aurkezpenak, artikuluren bat, bilduma txikiago bat… Eta Leako Ondarearen webgunea aberasteko ere balio dezake, adibidez. Beste artikulu batzuk argitaratzea ere posible da, bat, behintzat, labean dago, eta ekarriko du. Bestalde, beste hiruzpalau kanta ditut, baina momentuz ez dut pentsatu beste CDrik kaleratzea. Unibertsitatean lan egiten dut, eta Irakasle Eskolako irakasle bategaz berba egin dut, eta han aurkezpenen bat egiteko asmoa daukat, maisu maistra izango diren ikasleei kantok eta eurokin olgetako modua irakasteko.