Galindezek laugarren amaitu du Bilbo-Gasteiz ultra trail mendi lasterketa
Arnolape taldeko korrikalari markina-xemeindarrak marka bikaina egin du. 25. kilometroan 4. postuan jarri eta eustea lortu zuen. Basque Ultra Trail Zirkuitua osatu nahi duArkaitz Galindezek laugarren postua lortu du Bilbo-Gasteiz ultra trail mendi last...
Arnolape taldeko korrikalari markina-xemeindarrak marka bikaina egin du. 25. kilometroan 4. postuan jarri eta eustea lortu zuen. Basque Ultra Trail Zirkuitua osatu nahi du
Arkaitz Galindezek laugarren postua lortu du Bilbo-Gasteiz ultra trail mendi lasterketan. Arrolape mendi taldeko korrikalari markina-xemeindarrak 13:41:34 markagaz amaitu zuen Bilbo eta Gasteiz artean egindako 110 kilometroko proba.Galindezek nabarmendu duenez, oso pozik eta gustura dago Basque Ultra Trail series zirkuituko lehen proban lortutako emaitza onagaz. «Nire asmoa lehen hamarren artean amaitu, eta lasterketa on bat eginda, 13 ordu bueltan amaitzea zen. Baina desnibel positiboa hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa izan zenez, azkenean denbora gehiago behar izan nuen proba amaitzeko».
Malda
Desnibel handiagoa egotea nabarmen igarri zela adierazi du markina-xemeindarrak. «Batez ere, lasterketaren lehenengo zatian igarri zen, Murgiaraino».
Probari dagokionez, lehen hamarren artean hasi zuen lasterketa Galindezek. 20. kilometrora arte 8. postuan joan zen, eta handik aurrera, postuak aurreratzen joan zen pixkanaka. «25. kilometroan 4. ipini nintzen, eta bukaera arte horri eustea lortu nuen». Denboraldia horrelako emaitza onagaz hastea izugarria izan dela azpimarratu du. «Aurrera begira motibazio handia da».
Proban, oro har, ondo sentitu zela dio, baina azken kilometroetan nekea igarri zuela adierazi du. «Gorabehera askorik ez nuen eduki. Probaren zati handi bat gauez izan zen, eta ordu asko ziren ilunetan. Oso kontzentratuta joan behar zara, eta ibilbidea ere oso teknikoa izan zen. Azkenean, luze egiten da. Ganaltotik Langraitzera indarrik barik sentitu nintzen, baina laugarren postuari eutsi nion. Batez ere, korrika egiteko zatia zen, eta hor indar aldetik ondo ailegatuz gero, aurkariei tartea kentzeko aukera ona zeneukan».
Basque Ultra Trail series zirkuitua lau probak osatzen dute, eta korrikalari markina-xemeindarrak aurreratu duenez, zirkuituko lasterketa guztiak egiteko asmoa dauka. «Nire helburu nagusia euskal zirkuitu guztia egitea da, eta euskal zirkuituaz gain, nazioarteko pare bat ultra lasterketetan ere parte hartzeko asmoa daukat. Hiru handiak eta Chamonix-ko (Frantzia) Ultra Trail Mont Blanc mendi lasterketako batean ere parte hartuko dut, esaterako».
Hainbat korrikalari
Bilbo eta Gasteiz arteko lasterketa hasi zuten 148 lagunetatik 121k bakarrik amaitu zuten proba, eta horien artean Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat korrikalari egon ziren. Esate baterako, Aitor Mendizabal mutrikuarrak 30. postuan (17:08:43) amaitu zuen, eta Iñaki Agirrezabala mutrikuarrak, berriz, 55. sailkapen postuan (19:59:46).
Iban Bedialauneta eta Nerea Ituarde, bestalde, batera helmugaratu ziren, 104. eta 105. postuetan, hurrenez hurren. 24:24:12 behar izan zuten proba amaitzeko.