Mugertza II.ak eta Atutxa II.ak berriz irabazi dute Eusko Label Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren finala. Aurtengoa, hain zuzen ere, bikoteak jarraian lortu duten laugarren txapela izan da. XVII. Urrezko binakako aizkolari txapelketa-Eusko label saria irabazteko
29 minutu eta 24 segundo behar izan du bikote faboritoak.
Finalari dagokionez, bertan parte hartu zuten hiru bikoteek oso
final estua eta parekatua jokatu zuten atzo [martxoak 5] Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan. Sailkapenari dagokionez, bigarren sailkatuak Iker Vicente eta Ruben Saralegi izan ziren lanak 30 minutu eta 22 segundotan amaituta, eta hirugarren, berriz, Joseba Otaegi eta Xabier Orbegozo
Arria V.a, 30 minutu eta 39 denbora eginda.
Ugaitz Mugertza laugarren txapela ospatzen. Argazkia: Ibon Errazu Uria
Aizkolari mutrikuarrak nabarmendu duenez, atzoko garaipena lortu ondoren
oso pozik dago. “Txapelak ez dira egunero janzten, eta horrelako aukerak aprobetxatu egin behar dira. Oso final orekatua izan zen. Lehenengo proban nafarrekin –Vicente eta Saralegi– borroka estuan ibili ginen, eta gero, pixkanaka-pixkanaka tartea zabaltzen joan ginen. Hantxe lortu genituen segundo batzuk, eta hor lortutako abantailari eustea lortu genuen. Bukaera ere oso estu egon zen, eta hasieran lortutako segundo horiei esker, garaipena gurea egitea lortu genuen”.
Gaineratu duenez,
sasoiko sentitu zen finalean. “Oso gustura ibili nintzen. Adar bat edo beste tokatu zitzaigun, baina oso kopuru txikian, baina finala erabakitzeko besterik ez”.
Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa, pozik txapelak soinean. Argazkia: Ibon Errazu
Lanei dagokienez, finalistak oso parekatuta ibili ziren.
15 pago enbor moztu behar izan zituzten guztira, sei proba ezberdinetan banatuta. Ordulariaren kontrako, zutikako, abiadura eta zutik-etzanda probetan zazpi enbor moztu behar izan zituzten, eta hor hor azkarrenak Mugertza eta Atutxa izan ziren, 10 minutu eta 29 segundo eginda. 35 segundo beranduago amaitu zituzten lanak Vicentek eta Saralegik, eta Otaegik eta Arria V.ak, berriz, minutu bat 7 segundo beranduago.
Azken txanpan, berriz, lau kanaerdiko (54 ontzakoak), bi 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontzakoak) enbor moztu behar zituzten, eta hiru bikoteak nahikoa pareko ibili baziren ere, Mugertzak eta Atutxak lortu zuten proba azkarren amaitzea.
Binakako txapelketa amaitu ondoren, Eusko Label Banakako Urrezko Aizkora XX. Txapelketa hasiko da laister. Txapelketaren lehen kanporaketa martxoaren 25ean jokatuko da.