EH Bilduk salatu du aurrekontuen inguruko berririk ez duela jaso
Koalizio abertzaleak kritikatu du «beste behin, aurrekontuak alkatearen bulegoan prestatzen ari direla», eta parte hartzeko baliabideak «urriak» izan direla2017ko udal aurrekontuen inguruko berririk ez dutela jaso salatu zuen atzo, prentsaurrekoan,...
Koalizio abertzaleak kritikatu du «beste behin, aurrekontuak alkatearen bulegoan prestatzen ari direla», eta parte hartzeko baliabideak «urriak» izan direla
2017ko udal aurrekontuen inguruko berririk ez dutela jaso salatu zuen atzo, prentsaurrekoan, Gernika-Lumoko EH Bilduk. Horrenbestez, aurrekontuak martxoan onartzea «ezinezko» ikusten du; are gehiago, lehen zirriborroa hilabete amaierarako izatea ere zalantzan jarri du.Koalizioak dioenez, udal gobernuak adierazi zuen, martxoaren 1ean Ogasun Batzordea deituko zutela, eta han aurrekontu proposamena aurkeztuko zutela. Gaur gaurkoz, baina, ez dutela agindutakoa bete kritikatu du koalizio abertzaleak. Hartara, udal gobernuaren aurrekontu proposamena noizko egongo den prest ez dakitela azaldu dute: «Ez dakigu aurrekontuak noiz eta nola landuko diren, ezta noiz onartuko diren, ezta zenbat denbora egongo den aztertzeko eta ekarpenak egiteko».
Herritarren esku hartze eza
Hortaz, aurrekontuak, «beste behin eta bederatzigarren urtez, alkatearen bulegoan prestatzen ari» direla salatu du EH Bilduk, «herritarren inongo esku hartzerik onartu barik». Herritarrei parte hartzeko aukera ematea «tamalez, itxurakeria» bat izan dela kritikatu dute, «parte hartzeko jarritako baliabideak urriak eta ez nahikoak» izan baitira.
Udal aurrekontuak «era parte hartzailean» egin zitezen, plangintza bat adosteko deia egin zion EH Bilduk udal gobernuari duela hilabete bat inguru. Azken horrek, bere aldetik, auzoetan egiten dituzten batzarren bitartez eta otsailaren 10etik 23ra udalaren webgunean jarritako galdetegi baten bitartez herritarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko asmoa erakutsi zuen. Koalizio abertzaleak, baina, galdetegi hori baino, herritarren iritzia benetan baloratzeko, beste baliabide batzuk jarri beharko liratekela deritzo, «parte hartzea informazio osoa izatea, proposa- menak eztabaidatzea eta adostea delako».
Hala ere, auzo batzarretako fitxak eta galdetegietako emaitzak ikusi eta elkarregaz lantzeko Ogasun Batzordea biltzeko eskatu zuen oposizioak. Dena den, udal gobernuak, gaur gaurkoz, ez duela prozesu horren emaitzen berririk eman kritikatu du EH Bilduk: «Inork ez daki zenbat herritarrek bete duten galdeketa, ez eta zeintzuk izan diren proposamenak, eta, are gutxiago, aurrekontuan txertatuko dituzten».