Iparra Galdu Baik plataformak gaur [martxoak 7] eguerdian jakitera eman duenez, preso ondarrutarra Alcala Mecora (Madril, Espainia) eraman dute berriro. “Ibonek 12:00ak bueltan deitu dio amari, eta Alcala Mecon dagoela esan dio. Ibonek amari kontatu dioenaren arabera, 02:00etan atera dute Zaballatik auto partikular batean, eta nabarmendu duenez, nahikoa bidaia ona egin du. Egia esan, senideak Ibon Zaballan geratuko zenaren itxaropenagaz zeuden, eta pozik zeuden proba medikuak egingo zizkiotela eta, baina zoritxarrez ez da horrela izan”.
Iparragirrek, berez,
Txagorritxu ospitaleko mediku internistagaz txanda zuen 08:30ean. Plataformako kideek adierazi dutenez,
medikuak berak esan die presoa ez zegoela ospitalean. “08:00ak pasatxo ailegatu gara ospitalera, eta ordua aurrera joan ahala, eta Ibon inondik inora agertzen ez zela jabetuta, urduri ipini gara. Handik gutxira erizain batek internistaren bulegora pasa gaitu, eta medikuak berak esan digu Ibon lekualdatu egin dutela, eta horrenbestez, ezingo dizkiotela proba medikuak egin. Ibonek berak amari telefonoz esan dioenaren arabera, oso haserretuta dago proba medikuak gaur ezin izan dizkiotelako egin”.
Hori jakin ostean, Angelita Burgoa amak Zaballara deitu du, eta han jakitera emandakoaren arabera,
atzotik [martxoak 6] ez zen agertzen espetxeko sistema informatikoan. “02:00etan atera baldin badute, ez dakigu hori zergatik esan diguten”. Horrenbestez, larriki gaixorik dagoen presoa
bi aldiz lekualdatu dute astebetean.
Ibon Iparragirre Ondarroara bisitan ekarri zuteneko irudia
Etxeraten salaketa. Etxeratek, bestalde, Iparragirreren lekualdatzea gogor salatu du. Elkarteak azpimarratu duenez, mediku azterketa eta senideekin zegokion aurrez aurreko bisita egin gabe leku aldatu dute ondarrutarra. “Ozen salatu nahi dugu Ibon Iparragirreren aurkako
eskubide urraketa nabarmen hau eta, berriro ere, Ibon Euskal Herrian gelditzea eskatzen dugu, momentu gogor hauetan bere senideekin egotea dagokiolako, eta bere osasun egoera larria hobetzeko ezinbestekoa duen tratamendu duina jaso ahal izateko”.
Etxeratek, bere aldetik, gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten euskal preso politikoen
egoera latza azpimarratu nahi izan du, beste behin ere. “Erasoak, tratamendua ematen dietenean jasandako tratu iraingarriak, gaixotasunen larriagotzea, medi azterketak galaraztea… jendarteari egoera jasangaitz honen berri ematen ari gara uneoro. Ez larriki gaixorik dauden presoak, ezta haien senide eta lagunak, ezta euskal jendarteak, ezin dugu itxaroten jarraitu. Egoerak behartzen duen premiarekin, eragile eta erakkundeei dagozkien ardurak hartzera deia egiten diegu”.
OHARRA: Informazio gehiago jakin ahala, albistea eguneratzen joango gara.