Euskal erromerirako dantzak entsegatzen hasiko dira Mutrikun
Urtero modura, euskal dantzen ikastaroa antolatu dute Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldeko kideek. Ikastaroaren lehenengo saioa bihar [martxoak 9] 21:15ean egingo da Miruaitz frontoian, eta maiatzera bitartean, maiatzaren 27an egingo den erromeria egunerako entsegatzen ibiliko dira. Ikastaroa doakoa da, eta bertan parte hartu nahi dutenek biharko entsegura agertu besterik ez dute izango.
Arduradunek nabarmendu dutenez, aurten ere ikastaroa bi zatitan banatuta egingo da. Alde batetik, bihartik apirilaren 20ra bitartean, hasiberrien ikastaroa egingo da, eta apirilaren 27tik maiatzaren 25era, berriz, errepasoa egingo da. “Lehenengo bi hilabeteetan ezer ez edo gutxi dakitenekin hasiko gara, eta hurrengo hilabetean, berriz, errepasoa egingo dugu, aurreko urteetan dantzan ibili direnekin”.
Entsegu guztiak eguenero izango dira, leku eta ordu berean, eta ordubete inguruan fandango, arin arin, herri dantza, zazpi jauziak… denetarik ikasteko aukera izango dela jakitera eman dute. Errepasoan berriz, hasiberriekin batera ikasitako dantzez gain, larrain dantza ere ikasiko dute.