Lea-Artibaiko eta Busturialdeko LABeko arduraduna da Aitziber Barandika (Gernika, 1975). Langileen egungo arazoei aurre egiteko sindikalgintza eredua sortu nahi dutela azaldu du. Orain, sindikatua Bederatzigarren Biltzar Nagusiari begira dago. Hain zuzen, zaharkitutako sindikalgintza eredua irauli eta langileen beharrizanetara egokitzeko pausoak eman nahi ditu LABek.
Zer zehatuko duzue maiatzaren 25ean eta 26an egingo duzuen nazio biltzarrean?
Eztabaida ez da berria. Duela bi urte Birpentsatzen prozesua abiarazi genuen sindikatuan, ikusten genuelako sindikalgintza ereduak tope batzuk jo zituela, eta langile klasearen egoerari begiratu behar ziola. Sindikalgintza eredua industrializazio garaitik eratorritakoa da; hots, lan zentro baten eta gizonezko zuriei begira egindako sindikalgintza da. Hutsune asko nabaritu ditugu azken urteetan, eta, batez ere, krisi garaian langileengana heltzeko. Beraz, gure tresnak birkokatu behar ditugu gaur egungo langileria eredura heltzeko. Gaur egun sektore asko atomizatuta daude; lan zentro batean enpresa asko daude, azpikontratatutako enpresak daudelako; badaude lan zentro asko dituzten enpresak eta abar. Beraz, uste dugu sindikalgintza ereduak horri begiratu behar diola. Bestalde, azken hamarkadetan eman den beste fenomeno bati ere heldu beharko genioke. Alegia, industriaguneak gure bizitza eta gure herrietatik atera ditugu. Beraz, lortu behar dugu horiek batzea eta herrietan ere langileen borrokak eta borroka sozialak mantentzea.
Aitziber Barandika.
Zelan lortu hori gaur egun?
Euskal sozialismoa eraiki nahi dugu, eta horretarako pertsonak kokatu behar dira ekonomia eta politikaren erdigunean, ez gutxi batzuren interes ekonomikoak. Horretarako, sozialismoa eraiki behar dugu, erabakitzeko eskubidea behar dugu, eta euskal estatua behar dugu. Nahi dugu burujabetza prozesu bat langileentzat baliogarria izango dena. Beraz, hurrengo bost urteetan hortik joko dugu. Bestalde, langileengana heldu behar gara, eta langileak biltzeko espazio ezberdinak behar ditugu. Sindikatua langileengana hurbiltzea da gure apusturik handiena. Horretarako, ekintza sozialeko egitura sortuko dugu, herrietan antolatuta egongo dena.
Zein da helburua?
Enpresari dagokionez, jauzi bat eman nahi dugu. Uste dugu, tokian tokiko errealitatea kontuan hartuta, eredu ezberdinak egon behar direla. Eskualde honetan Cikautxoren adibidea dugu argiena. Azpikontratek bat egin beharko dute indarrak batzeko, enpresa ezberdinak izan arren, komuneko interesak dituztelako.
Sindikatuak langileengana hurbildu beharra aipatu duzu. Baina langileak, gaur egun, hurbiltzen al dira sindikatura?
Esparruak eskaini nahi ditugu. Azken batean, sindikatua tresna bat izan behar da langileak antolatzeko eta eskubideen alde borrokatzeko. Batasunak ematen du indarra.
Tresnak sortu behar dira. Zein egiteko izan dezake euskal sindikalgintza bateratu batek?
Langileon lan eta bizi baldintzak aldatzeko beharrezkoak dira euskal estatua eta burujabetza prozesua. Beraz, uste dugu ezinbestekoa dela euskal sindikalgintzaren gehiengoak bat egitea. Aliantzak behar ditugu, bai herri mugimenduagaz eta baita sindikalgintzagaz ere. Batasuna beharrezkoa da eraldaketa emateko. Hala ere, esan behar dut sindikatu izate hutsak ez gaituela batzen. Dirudienez, batzuek uko egin diote borroka egiteari.
Sindikalgintza eredu zaharkitua dugu gaur egun, lehen esan duzu. Eredu horretan, zein da emakumeen egoera?
Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetan oso adierazgarria da ikustea emakumeek non lan egiten duten. Azpikontratuta daude, garbitasunerako, zaintzarako… Sektore prekarioenak dira sektore feminizatuak. LABekĀ sindikatu barruan jauzi feminista eman nahi du. Eskola feminista bat proposatuko dugu, praktika feminista bultzatzeko eta esparru guztietan eragiteko.