Itsasoan nahikoa eguraldi eskasa egon da egunotan, baina gero hobera egin baldin badu ere, nahi baino arrain gutxiago porturatu dute baxurako arrantzaleek. “Aurreko astea oso oparoa izan zela ikusirik, ontzi asko gerturatu da bertora, eta nahiz eta eguraldiak hobera egin, ez dute zorte handirik eduki”, azaldu dute gaur [martxoak 9] goizean kofradiako iturriek.
Astelehenean [martxoak 6] oso
itsaso txarra egon zen, eta martitzenean [martxoak 7] eguraldiak hobera egin bazuen ere, arrantzaleek ez zuten arrain askorik porturatu atzo [martxoak 8]. Lau ontzik 2.500 kaxa porturatu zituzten, eta beste asko esku hutsik ere porturatu ziren. Antxoa, oro har, aurreko astekoa baino haziagoa izan zen, kiloan 45-46 alekoa, eta horrenbestez, zer edo zer garestiagoa saldu zen, 2,80 eurotik eta 4 eurora bitartean. Porturatutako antxoa oso garbia izan zen, tartean sardinarik gabekoa, eta gehiena, freskorako saldu zen.
Baxurako arrantzaleak sareak josten, Ondarroan
Gaur [martxoak 9], bestalde, ez zuten arrain askorik porturatu Ondarroako Egidazu Kaian. “Kantabrian, San Bicente de la Barquera parean antxoa handiagoa arrantzatu dute kopuru handietan, eta hara joan dira ontzi asko, antxoa nahira”.
Pasaia eta Bermeo artean arrantzan geratu diren ontziek berriz, antxoa gutxi porturatu dute gaur. Hori bai, kopuru aldetik arrain gutxi egon zenez, ondo ordaindu zen arraina bentan. Datorren astera begira, ontzi gehiago etorriko dela aurreikusten da.