Berdintasunera ekintzen bidez
Ehunka pertsona elkartu ziren atzo Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean berdintasunaren aldarria kaleratzeko. Ekitaldiek jarraipena dute asteburuanEmakumeen Nazioarteko Egunagaz bat egin zuten atzo Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko bizilagun, ...
Ehunka pertsona elkartu ziren atzo Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean berdintasunaren aldarria kaleratzeko. Ekitaldiek jarraipena dute asteburuan
Emakumeen Nazioarteko Egunagaz bat egin zuten atzo Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko bizilagun, talde, elkarte eta erakundeek. Hainbat jarduera egin ziren, eta aldarrikapena uneoro egon zen kalean. Aurrera egin bada ere, gizartea oraindik ere ez dela berdintasunezkoa emakumeentzat eta gizonentzat azpimarratu zuten ekitaldietan, «ekintzetara pasatu» eta «feminismoa indartzera» deituz.Urtero modura, goizetik irten ziren kalera Bermeoko emakumeak. Erroxape Emakume Elkarteak antolatutako hildako bazkideen aldeko ohiko mezaren ostean, trikitilariekin batera, kalejiran ibili ziren dozenaka emakume. Santa Eufemia elizatik porturako bidea hartu zuten, eta, gero, Lamerara joan ziren. Ehundik gora emakume batu ziren, ondoren, bazkarian.
Jai giroan elkartu ziren bai eta ere Ajangizen, Ereñon, Gizaburuagan eta Ibarrangelun. Txokolatea, askariak, jokoa eta musika eduki zituzten. Hala ere, elkarretaratzeak izan ziren, batez ere herri gehienetako ekimen nagusiak. Aulestiko plazan, Bermeoko Lameran, Berriatuko udaletxe aurrean, Eako plazan, Markina-Xemeingo Goiko Portalean, Munitibarko autobus geltokiaren parean, Mutrikuko Goiko Plazan eta Ondarroako Alamedan zabaldu zituzten aldarriak herritarrek. Brindisak ere egin zituzten Lekeition eta Ondarroan, eta mosaikoa osatu zuten Markina-Xemeinen, elkarretaratzearen ondoren. Gernika-Lumon, bestalde, manifestazioan atera ziren herritarrak.
Aldarrikapenez gain, Lea-Artibaiko emakume ekintzaileen lana bistaratu nahi izan zuten, esate baterako, Leartibai Garapen Agentziak eta Azaro Fundazioak Markina-Xemeingo Berrikuntza Gunean egin zuten Emakume Ekintzaileen Topaketan. Jardunaldiaren helburu nagusia eskualdeko emakume ekintzaileek elkar ezagutu eta euren beharrizanak azaleratzea izan zen, eta emakumeek euren esperientzia partekatzeko aukera eduki zuten Izaskun Rama Euskadiko Emakume Ekintzaileen Elkarteko aholkulariagaz lagunduta.
Martxoaren 8ari begira adierazpen instituzionalak ere onartu zituzten udalerrietan. Aulestin eta Berriatuan, esate baterako, osoko bilkura bereziak egin zituzten atzo, horretarako. Berdintasun partidak igo eta emakumeengan eragina duten zerbitzu publikoetan murrizketarik ez egiteko konpromisoa hartu zuten Markina-Xemeingo Udalak eta Berriatukoak. Lekeitioko Udalak, berriz, erabakiak hartzeko guneetan emakume eta gizonen artean dauden ezberdintasunen jakitun, eta emakumeen parte hartze sozial eta politikoa indartzeko xedez, Emakumea eta Berdintasun Batzordeak landutako adierazpena onartu eta konpromisoak hartu zituen.
Ekintzaileen azoka
Datozen egunetarako ere ekitaldi ugari antolatu dira bi eskualdeetan. Lekeitioko eta inguruko emakumeek egiten duten lana ikusgai egongo da, esate baterako, domekan. Emakumeen lanari presentzia eta indarra emateko Emakume Sortzaile eta Ekintzaileen I. Azoka antolatu du Lekeitioko Udaleko Emakumea eta Berdintasun Batzordeak. 11:00etatik 14:00etara egongo da azoka, Lekeitioko plazan.
Kontzijopean, besteak beste, jantziak, moda osagarriak, materialen berrerabilpena eta umeentzako artikuluak egiten dituzten emakumeak egongo dira, bai eta buztin tailerra ere. Barandiaran aretoan argazki, koadro, eskulanen erakusketa eta Ezkutuko amandrea dokumentalaren proiekzioagaz gain, bolillerak lanean ariko dira, eta 12:00etan bi tailer emango dituzte: kakorratzena eta tutu oihalena.