Euskadiko Euskal Pilota Federazioak antolatuta, zapatuan [martxoak 11] hasiko da GRAVNI federazioen arteko pilota munduko txapelketa garrantzitsuena. Txapelketaren
sistema iazko bera izango da, eta bertan Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako, Iparraldeko eta Errioxako pilota federazioek parte hartuko dute.
Bost jardunalditan banatuta,
buelta bakarreko ligaxka bat jokatuko da apirilaren 9ra bitartean, eta jarraian, apirilaren 23an, finalaerdia jokatuko da. Astebete beranduago final handiak helduko dira, oraindik erabakitzeke dagoen egoitza batean.
Lehenengo jardunaldian Gipuzkoak Nafarroaren aurka neurtuko ditu indarrak, eta Bizkaiak Errioxaren aurka. Araba, bestalde, Iparraldearen aurka ariko da asteburuan. Eta ohi modura,
Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat pilotarik eta taldek parte hartuko dute bertan zesta-puntan eta esku pilotan.
Iazko Gipuzkoako zesta-punta selekzioa. Argazkia: Danok Bat
Lehiari dagokionez, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko zesta-punta partidak Mutrikuko Miruaitz frontoian jokatuko dira zapatuan [martxoak 11], 17:00etatik aurrera. Gazte, 22 urtez azpiko eta nagusi mailako norgehiagokak jokatuko dira, eta Jon Mendizabal Goxerri Gipuzkoako zesta-punta hautagatzaileak aurreratu duenez, jokalarien artean hainbat mutrikuar egongo dira.
Gazte mailan, hain zuzen ere, bikote titularra Danok Bateko Ekaitz Mendizabalek eta Mikel Manzisidorrek osatuko dute. 22 urtez azpikoetan, ordea, Aitor Andonegi mutrikuarrak Zumaiako Koxme Agirrekin osatuko du bikotea. Nagusi mailan, azkenik, Andoaingo Karlos Lopetegi eta Donostiako Asier Alberro ariko dira.
Bizkaiko selekzioak, bestalde, etxean ariko da Errioxaren aurka. Errioxak ez du zesta-puntako selekziorik, hortaz, Bizkaiko puntistek datorren hastean hasiko dute GRAVNI txapelketa.
Esku pilotakoko partidak, berriz, Barakaldon jokatuko dituzte zapatuan. Gazte, 22 urtez azpiko eta maila nagusiko norgehiagokak jokatuko dira eskuz banaka eta binaka. Gazte mailako partidak 10:00etan jokatuko dira, eta 22 urtez azpikoak eta maila nagusikoak berriz, 17:00etatik aurrera. Bertoko ordezkaritzari dagokionez, Mikel Urizar markina-xemeindarrak 22 urtez azpiko banakako partida jokatuko du.