Leartiker bisitatu dute Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordetzako ordezkariek
Leartiker Euskadiko I+G+B zentro garrantzitsuenak biltzen dituen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kide bihurtu zen 2016ko maiatzean, Zentro Teknologiko Sektorial izendapenagaz. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako hiru bisitariek gertutik ezagutu nahi izan dute han egiten den lana.
Leartikerren Elikagaien Teknologia eraikinean hasi zuten bisita, eta ondoren, Lea-Artibai Berrikuntza Gunea bisitatu zuten Polimeroen Teknologiari dagozkion instalazioak ezagutzeko. Bide batez, Azaro Fundazioa eta Leartibai Garapen Agentziako bulegoak ere bisitatu zituzten. “Lea-Artibai 2020 proiektu estrategikoaren aurkezpena egin diegu Hernaez, Madariaga eta Urzelairi. Eskualdea hobeto ezagutzeko lehiakortasun mapa batetik abiatuz, 2020 urtera begira toki garapena sustatzeko aurreikusita dituzten helburu eta ekintzak azaldu dizkiegu, eragile bakoitzak bere alorrean egingo duen ekarpena azpimarratuz”.