«Edonon eta edonoiz» euskaraz mintzatzeko proiektua aurkeztu dute
Soilik mugikorra, tableta edota ordenagailua eta Interneterako konexioa eskatzen dituen plataforma aurkeztu dute. Bertan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrakEuskaraz «edonoiz, edonon eta doan» hitz egiteko aukera ematen duen plataforma da Min...
Soilik mugikorra, tableta edota ordenagailua eta Interneterako konexioa eskatzen dituen plataforma aurkeztu dute. Bertan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak
Euskaraz «edonoiz, edonon eta doan» hitz egiteko aukera ematen duen plataforma da Mintzanet, eta aurkezteko bildu ziren atzo goizean, Gernika-Lumoko Kultur Etxean.2012. urtean sortu zuten Mintzanet, eta erabiltzaileek diotenez, tresna «erosoa, gertukoa, lagungarria, doakoa, aberasgarria, gomendagarria…» da. Tableta, mugikorra edota ordenagailua (kamera, mikrofono eta entzungailuekin) eta Interneterako konexioa soilik eskatzen ditu aipatu proiektuak.
Bidelariek eta bidelagunek parte hartzen dute Mintzanet proiektuan; alegia, euskara praktikatu nahi duten horiek eta bide horretan laguntzen dietenak. Azken horiek ez dira euskara irakasleak izaten, soilik erakusteko gogoa daukaten euskaldunak. Bidelariei gutxieneko euskara maila (A2 edo B1) izatea eskatzen diete Mintzanet-en parte hartu ahal izateko; alegia, gutxieneko elkarrizketa bat mantentzeko gai izan behar dira bidelariak. Hala, elkatrukean, bakakarkako mintzapraktikaren saioak egiten dituzte bakarka, aurretiaz adostutako egun eta orduan.
Atzoko aurkezpenean, Ainara Loiarte eta Cristina Tapia Mintzanet proiektuaren koordinatzaileak egon ziren, bai eta zenbait bidelari eta bidelagun ere.
Mintzanet zertan datzan azaldu ostean, erabiltzen dutenen datuak ere eman zituzten Loiartek eta Tapiak. Orain arte egin diren saioak, guztira, 11.500 izan direla jakitera eman zuten, eta 1.000 pertsonak baino gehiagok eman dutela izena azaldu zuten. Halaber, parte hartzaileen adin tartea 17 urtetik 90 urtera bitartekoa dela aipatu zuten, eta parte hartzaile kopuru handiena (%64) 30 urtetik 60 urterako tartean dagoela zehaztu zuten. Sexuari dagokionez, halaber, %57 emakumezkoak direla eta %43 gizonezkoak gaineratu zuten. Bidelagun eta bidelari gehienak (%74), berriz, Euskal Herrikoak dira, Loiartek eta Tapiak azaldutakoaren arabera (%20 atzerrian bizi da, eta %6 Espainian).
Aurkezpenera bertaratutako herritarrek proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki zuten atzo. Gainera, Uruguayko bidelari baten eta Gernika-Lumon bizi den bidelagun baten esperientziak ezagutzeko aukera ere egon zen, Internet bidez egindako konexioari esker.
Webgunean izena ematea
Euskarazko mintzapraktika egin nahi duenak, beraz, www.mintzanet.net webgunera jo behar du, eta izena eman. Bertan zehaztutako egunaren eta orduaren arabera aurkituko diote izena ematen duen horri euskaraz aritzeko bikotekidea.
Bidelagun zein bidelari izan nahi dutenak gonbidatu dituzte proiektuan parte hartzera, eta bidelariak bidelagunen zain daudela gogorarazi dute. Halaber, euskalkiak ez direla oztopo mintzapraktika egiteko argi utzi nahi izan dute; alegia, batua ez dela derrigorrezkoa parte hartzeko.