Gernikaren sorrera taula gainera eramango dute
Gernika sortu zeneko 650. urteurrenaren harira antolatutako egitarauko azken ekimena egingo dute apirilaren 1ean. Hain zuzen, antzezlan bat ekarriko dute oraingoan: Gernika 650 Antzerki Taldea. Aipatu egunean, 33 lagunek 1366. urteko apirilaren 28an ja...
Aurretik antzerkiaren munduan esperientzia izandakoek zein taula gainera inoiz igo ez direnek parte hartuko dute. Hain zuzen, 7 urtetik 70 urtera bitarteko herritarrak izango dira egun horretako protagonista.
Atzo egin zuten Gernika 650 Antzerki Taldea-ren aurkezpena, Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Antzezlanaren zuzendari eta gidoilari Mila Artetxe, Gernikazarrako Vicente del Palacio, Kultur Etxeko zuzendari Ricardo Abaunza eta Gernika-Lumoko Udaleko kultura zinegotzi Iñigo Magunagoikoetxea bildu ziren bertan, antzezlanean parte hartzen duten herritarrekin batera.
Hilabeteak entsegatzen
Azaldu zutenez, «oso serio» hartu dute lan hori parte hartzaileek, eta urriaz geroztik, astean birritan entsegatzen dute. Halaber, arropa, atrezzoa, musika, animazioa eta bestelakoak asko zaindu dituztela aipatu zuten. Arropa, esate baterako, Balmasedako Udaletik ekarriko dute, bertan utziko baitiete Erdi Aroko arropa. Makillajeaz, ostera, Santurtziko San Jorge Lanbide Heziketako ikasleak arduratuko dira.
Hasieran, parte hartzaileak aurkitzea lan zaila izan zela aitortu dute aurkezpenean; orain, baina, ilusioz daudela esan dute.«Ikasketa bat da guztiontzat; gainera, oso giro aberatsa sortu da gure artean», aipatu zuen parte hartzaileetako batek; Del Palaciok jakitera eman zuenez, «guztia da boluntarioa eta herrikoia».
Apirilaren 1ean, beraz, Gernika nola sortu zen azaldu eta taula gainera eramango duen antzezlanagaz gozatzeko aukera egongo da Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, 20:00etan hasita. Antzezlana gazteleraz izango bada ere, euskarari ere keinu batzuk egingo dizkiote egun horretan. Bertaratu nahi duenak 2-3 aste lehenago edukiko du sarrera erosteko aukera, 2 euroren truke, Lizeon bertan, emanaldiren bat dagoenean. Hala ere, egunean bertan ere jarriko dituzte sarrerak salgai, Lizeon.