Abian dago Ziriako Andonegi ipuin lehiaketa
Mutrikuko Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak antolatuta, abian da beste behin ere Ziriako Andonegi ipuin lehiaketa. Aurten, baina, mikroipuinak jasoko direla esan dute antolatzaileek. Lanak apirilaren 12rako aurkeztu behar dira.Gaia librea bada ere...
Gaia librea bada ere, gehienez ere 100 hitzeko kontakizunak jasoko dira aurtengo lehiaketan. Lanak posta arruntez (Mutrikuko Udala-Kultura Batzordea, Txurruka plaza z/g, 20830) edo posta elektronikoz bidaltzeko aukera dago (kultura@mutriku.net).
Jakitera eman dutenez, lehiaketan edonork parte hartu ahal du, eta parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal ditu. «Hori bai, lanak euskaraz idatziak, originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira».
Parte hartzaile guztien artean hiru sari banatuko dituzte: 18 urtetik gorakoen arteko lan onena (500 euro), mutrikuarren arteko lan onena (250 euro) eta 18 urtetik beherakoen arteko lan onena (150 euro). «Egile bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du».
Epaimahaia
Lehiaketa Mutrikuko Udalak antolatuta dagoenez, epaimahaia ere batzorde horrek aukeratuko duela jakitera eman dute. «Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da». Halaber, lehiaketara aurkezten diren lanek maila egokirik ez balute, sariak eman gabe geratu ahal litezkeela aurreratu dute. Eta saritzen diren lanak argitaratzeko eskubidea Mutrikuko Udalarena izango da, egileen izenak aipatuta beti ere.
Lanak posta arruntez bidaliz gero, idazlanak izenburua eta egilearen ezizena izango ditu agerian; ezin da egilearen izenik aipatu. Idazlanarekin batera, baina beste gutunazal itxi batean, egilearen datu pertsonalak agertuko dira: izen-abizenak, adina, helbidea, posta elektronikoa, telefono zenbakia, sinadura eta nortasun agiriaren kopia bat.
Posta elektronikoz bidaliz gero, bidaltzen den mezuari bi fitxategi erantsi beharko zaizkio: batean, idazlana goitizenez sinatuta; bestean, egilearen datu guztiak agertu behar dira, nortasun agiria barne.