Legatzaren erreklutamenduaren prozesu ekologikoak eta demografikoak ikertzeko jarri dute martxan kanpaina.
Aztiko, Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) eta IMEDEA institutuko 16 zientzialarik osatzen dute lan taldea, eta CSICek koordinatuta ariko dira azterketa egiten, CSICeko Fran Saborido-Reyren eta Aztiko Paula Alvarezen zuzendaritzapean.
Zientzialariak, ontziak lanean. Argazkia: Irekia
Ikertzaileak Sarmiento de Gamboa ontzi ozeanografikoan ari dira lanean astelehenaz geroztik (martxoak 13). Hamabost egunez beharra egingo dute ontzian, hurrengo helburuekin: bizirik irauteko faktorerik garrantzitsuenak ezagutzea, lehenengo bizitza faseetatik hasi eta legatz heldua erreklutatzen den faseraino.
Legatz-larben, larba osteko organismoen eta ale gazteen ugaritasuna eta espazioan duten banaketa zehaztuko dute Fisterra eta Estaca de Bares eremuen arteko galiziar plataforman (Hegoaldeko Stocka)
Proiektuaren helburu nagusia da legatzaren erreklutamendua zerk zehazten duen aztertzea, eta arreta berezia jarriko dute kausa demografiko eta ingurumenekoetan. Kanpainan aztertuko dute
Galiziako kostan zenbat legatz larba dauden, larba osteko organismo eta ale gazte dauden, bai eta espazioan nola dauden banatuta ere; laginketa aldietako baldintza meteorologiko, biologiko eta ozeanografiko nagusiak karakterizatu, eta ale batzuk harrapatuko dituzte, larben eta ale gazteen eguneko hazkunde tasa zehazteko, eta elikadura eta dieta eta
stock-en arteko konektagarritasun gradua zehazteko. Proiektua beste kanpaina bategaz osatuko da: ekainean egingo da, eremu berean.
Arrantzaleak, legatza deskargatzan
Kanpaina Hegoaldeko Stockean ari dira egiten, Fisterra eta Estaca de Bares eremuen arteko galiziar plataforman (Hegoaldeko Stocka). Eremu horretan, galiziarrek eta asturiarrek arrantzatzen dute legatza batez ere. Euskal flotari dagokionez, besteak beste, bertan aritzen dira Ondarroako
Aketxe-Gaztelugatxe eta
Andrekala Berria-Arretxu Berria bikoteak.
Aztik egiten duen lana goraipatu dute Ondarroako Armadoreen Elkarteko kudeatzaileak eta Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradien Federazioko presidenteak
Herriko alturako gainerako ontziek Iparraldeko Stockean egiten dute legatz harrapaketa. Ondarroako Altura Armadore Elkarteko (OPPAO) kudeatzaile
Kiko Marinek
Aztiren lana goraipatu du, eta esan du halako ikerketa guztiak lagungarriak direla sektorearentzat. Gaineratu du, uraren tenperatura igoerak eraginda, legatza bere ohiko habitatetatik kanpo dabilela, eta hori ekosisteman egon daitezkeen aldaketen adierazgarri dela.
Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradien Federazioko presidenteak ere zientzialarien lana nabarmendu du: «Beti dabiltza legatzaren kuotak txikitzen eta txikitzen, beti dauzkagu arazoak. Beraz, ziurrenik ikerketa hori ondo etorriko da, eta gehiago Aztik egiten badu. Konfiantza handia daukagu AZTIrengan».
Zeregin garrantzitsua. Iparraldeko eta Ekialdeko Atlantikoko arrantzarik garrantzitsuenetako bat da
Merluccius merluccius legatza. Hain zuzen, Espainiar estatukoak dira Europako lehorreratze gehienak (Europako lehorreratze guztien % 30). Espainiar estatuaren atzetik, Frantzia eta Portugal daude. Arrantzarako duen garrantziaz gain, legatzak zeregin garrantzitsua dauka itsas ekosisteman, pelagiko txikienen harraparia baita, eta, aldi berean, marrazo eta beste harrapari batzuen elikagaia.