Errefuxiatuen egoera ikusaraziko dute bihar, Ikusgarri aretoan
Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Lekeitioko Zinemazale Elkarteak elkarlanean antolatuta, Io sto con la sposa dokumental italiar-palestinarra emango dute bihar, 19:00etan, Lekeitioko Ikusgarri aretoan. Gabriele del Grande kazetari italiarrak eta Khaled Al ...
Dokumentalean bost errefuxiatu siriar-palestinarrek eta italiar elkartasun ekintzaile talde batek Milanetik (Italia) Stockholmera (Suedia) egin zuten bidaia kontatzen du, Europako harresi frontera eta kontrolak pasatzeko ezkontza bateko gonbidatuak zirela antzeztuz.
Gernikako mobilizazioa
Dokumentalaren emanaldia Ongi Etorri Gernika 2017 kanpainagaz lotuta dago. «Gernikan 2017ko apirilaren 29an eta 30ean errefuxiatuei babesa agertzeko egingo den mobilizazio jendetsurako deia egiten dugu, migratzaile eta errefuxiatuei ongietorriak direla esateko», azaldu dute antolatzaileek.
Errefuxiatuei babesa erakusteko martxak antolatzen ari dira. Euskal Herriko hainbat tokitatik abiatu, eta Gernika-Lumora zutabeetan iristea da asmoa. Beraz, Lea-Artibaiko zutabeen antolaketari buruz ere hitz egingo dute biharko ekitaldian.
Gernikako bonbardaketa modura, Europako mugetan gertatzen ari dena historiako beste sarraski handi bat dela diote Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformakoek. «Beharrezkoa da gertakari haren memoria bizirik eutsi eta aski da esatea milioika lagunen ihesaldia eragiten ari diren beste Guernica anker horien aurrean», azpimarratu dute.