Herriko Elikagaien Bankua lagundu dute kantu tailerrekoek
Santa Ageda bezperan kantuan batutako diruagaz lagundu dute herriko elkartea. Aste Santuan bilketa berezia egin, eta denda bat jarriko du elkarteak EskolapeanSanta Agedan batutako dirua eman dio Lekeitioko Kantu tailerrak herrian dagoen Elikagaien Bank...
Santa Ageda bezperan kantuan batutako diruagaz lagundu dute herriko elkartea. Aste Santuan bilketa berezia egin, eta denda bat jarriko du elkarteak Eskolapean
Santa Agedan batutako dirua eman dio Lekeitioko Kantu tailerrak herrian dagoen Elikagaien Bankuari. Marisol Iturraspe Elikagaien Bankuaren arduradunak jaso du diru oparia Kantu tailerreko Nere Jauregiren eskutik. 155 euro izan dira guztira, eta diru horrek aurrera egiten lagunduko dietela azaldu du Iturraspek, esker onez.Beharrizana izaten dutela eta, elikagaiak lortzen joateko, bilketa ezberdinak eramango ditu aurrera Aste Santuan Lekeitioko Elikagaien Bankuak. Alde batetik, bilketa bat jarriko dute martxan apirilaren 7tik Aste Santua pasatu arte, herriko dendetan. Pasta, olioa, tomatea, dilistak, indabak, pixoihalak eta esnea bilduko dituzte. «Pixoihaletan ia 100 euro gastatzen ditugu hilero, eta, hala eta guztiz ere, ez zaigu denentzat ailegatzen», azaldu du Iturraspek.
Beste alde batetik, Eskolapeko lokal batean, ikastolakoek taberna jartzen duten lekuan, hain zuzen, denda bat jarriko dute jendeak emandako era guztietako materiala saltzeko. Jostailuak, liburuak, arropa eta oinetakoak izango dituzte, besteak beste, eta guztia, euro baten truke. «Azoketan jartzen ditugun postuetan biltzen duguna guretzako laguntasun handia izaten da», azpimarratu du arduradunak.
Zehaztu dutenez, denda Aste Santuko opor guztietan egongo da zabalik, arratsaldez. Eguen Santuan hasi, eta bost-sei egun.
Ikasleen laguntza
Herriko ikastetxeekin ere harremanetan jarri dira Elikagaien Bankukoak, eta Aste Santu ostean janari bilketa bat egin nahi dute eurekin batera. «Eskola publikoari gozariekin laguntzeko eskatuko diogu, ea denen artean kakaoa, zerealak eta gailetak biltzen ditugun. Ikastetxekoekin, berriz, oinarrizko elikagaiak bildu nahi ditugu, olioa, pasta eta tomatea».
Lekeitioko ikasleek aurretik ere lagundu dute Elikagaien Bankua, jostailuak eta mantak batuz.