Bizkaiko beste zenbait udalerrietan legez, adineko pertsonentzat herri atsegina bihurtzeko proiektua martxan jarri gura dute, eta horretarako
talde eragilea edo dinamizatzailea sortzea izango da lehen pausoa.
Horretarako, Bizitzen Fundazioko kideek gidatuko dute biharko saioa, eta bertaratzen direnei programa honen informazioa eta azalpenak emango dizkiete. Halaber, gizarte langile bat ere bertan izango da. Bizi Ispasterko Nagusien Elkartean batuko dira bihar,
17:00etan.
Bizi elkartean emango dute hitzaldia.
Talde eragile horren zeregina Ispasterren zahartze aktiborako eta osasungarrirako baldintza egokiak sustatzea izango da, eta udaletik proiektuan parte hartzera animatu dituzte ispastertarrak.
18 eta 30 urte bitarteko gazteei eta
adineko bizilagunei luzatu diete deialdia. Interesa dutenek eskuorri bat bete, eta udaletxeko Bulego Orokorrean utzi behar dute.
Adinekoek duten “potentziala balioan jarriz”, Ispaster adin guztientzako udalerri bihurtzea da proiektuaren oinarria: “Zahartzaroa nola bizi eta bizitza osoa nola garatu birpentsatzeko aukera ematen du”.
Proiektua Bizitzen Fundazioko
tenikariek bideratuko dute, eta proiektua lantzen hasteko herritarrei
formakuntza eskainiko diete.
Proiektua aurrera eramateko “hiru hanka” beharrrezkoak direla azaldu dute Hirugarren Adinekoen Elkarteko kideek: Herriko pertsona nagusiak, udalaren laguntza eta teknikariak.
Adinekoek duten potentziala aprobetxatuz, herritarren kalitatea hobetzea eta horretarako parte hartzeko prozesuak sortzea dira helburu nagusiak.
Egitasmoak
lau zati ditu, eta gutxi gorabehera bost urterako da. Hala ere, jarraipena izatea da asmoa, hau da, hemendik
bost urtera berraztertzea. Lehenengo bi urteetan egoeraren diagnostikoa egingo dute, eta ondoren plan eragile bat osatuko dute, diagnostikoan ikusten diren arazo edo beharrizanak zelan konpondu litezkeen zehaztuz. Plana gauzatzea edo betearaztea udalari dagokio, eta gauzatu ostean, ebaluazioa egingo dute.
“Hau ez da amaitzen behin aztertuta; bost urteren ostean berriro hasiko litzateke lehenengotik”, azaldu dute Hirugarren Adinekoen Elkarteko kideek.
Adineko pertsonen
parte hartzea ezinbestekoa dela argi dute Hirugarren Adinekoen Elkartekoek. Parte hartzea “oso aktiboa” izan behar dela adierazi dute, adinekoak eragile izatea, eta aniztasuna egotearen garrantzia nabarmendu dute: “Talde eragileak ahalik eta aniztasun gehien eduki beharko luke. Gure kasuan, esaterako, auzo guztietako jendearen ekarpenak jasotzea oso garrantzitsua da”.
Zortzi arlo. Programa Munduko Osasun Erakundetik dator, eta 2005ean
egin zuten proba pilotua. Programan zortzi aztergai zehazten dira: garraioa, etxebizitza, aire zabaleko lekuak eta eraikinak, gizarte eta osasun zerbitzuak, komunikazioa eta informazioa, herritarren parte hartzea eta enplegua, parte hartzea eta gizarteratzea eta errespetua eta barnean hartzea.
“Gero eta urte gehiago bizi gara, eta gero eta beharrizan gehiago ditugu, eta horri irtenbide bat eman behar zaio. Programa ondo landu, eta
pertsona nagusien potentziala aprobetxatuz gero, emaitza hobeak atera litezke, bai osasun arloan, segurtasun arloan etab. Pertsonentzat bizi kalitate hobea lortzeko balio du”, azaldu dute Hirugarren Adinekoen Elkarteko ordezkariek.
Bizi kalitatea aipatzean, ez dira soilik osasun fisikoaz ari, baizik eta baita mentalaz, emozionalaz zein sozialaz ere. Esaterako, jende asko bakarrik bizi dira, eta norbere bakartasun horretan bizi dituzten b
eharrizanak edota arazoak azaleratzea garrantzitsua dela azpimarratu dute Hirugarren Adinekoen Elkartetik.
Jendeak herria zelan ikusten duen eta zein beharrizan ikusten dituen esan behar dutela zehaztu dute. Gero, aztertuko da zer egin litekeen eta zer ez, seguruenik dena batera ezingo dutelako egin: “Haien berba garrantzitsua dela sentitu dezatela, herrian zeresana dutela”.