Javi Goitia gernikarrak Arriondaseko duatloia irabazi du
Urdaitri taldeko kide Javi Goitiak Arriondaseko (Asturias, Espainia) duatloia irabazi zuen zapatuan. Hain zuzen, gernikarrak ordubete, 11 minutu eta 6 segundoko marka lortu zuen.Lehia estua egon zen lehenengo sailkatuen artean. Daniel Bayon bigarren sa...
Lehia estua egon zen lehenengo sailkatuen artean. Daniel Bayon bigarren sailkatuari 22 segundo atera zizkion, eta Jorge Blanco hirugarrenari minutu 1 eta 18 segundo.
Goitiak azaldu duenez, asteburu pasa Xixonera joateko zirelako erabaki zuen izena ematea, eta oso gustura dago egindako lanagaz: «Ikusi nuen batik bat bizikletaz egin beharreko tartea oso gogorra zela, niretzat aproposa. Korrika ni baino hobeak izan ziren, baina bizikleta hartu nuen, eta diferentzia nahikoa atera, gero korrikako azken zatian ez harrapatzeko».
Duatloiaz gozatzea zuen asmoa, eta irabazteko aukeraren bat izan zezakeela jakin arren, bazekien gaitza izango zela: «Banekien garaipena lortzeko egun borobila izan behar nuela. Bigarren egin zuena oso ona da, korrika asko dabil, eta banekien lehenengo kilometroetan distantzia handia aterako zidala. Banekien harrapatu eta bizikletan alde handia atera beharko niola, eta horrela izan zen».
Hurrengoa etxean
Urtero hainbat duatloi egiten ditu, eta aurten Euskal Herriko triatloiren bat egin gura luke, adibidez, Bermeokoa. Nahiz eta igerian «hain ondo moldatu ez», ikastea da bere asmoa.
Hurrengo proba zapatuan etxean lehiatuko du. Maila altua egongo dela dio, eta lehenengo hogeiren artean sailkatzea gustatuko litzaioke: «Beti nahi dugu gorengo postuetan amaitu; lehenengo hamarren artean geratzea itzela litzateke, eta lehenengo hamabost edo hogei sailkatuen artean egotea ere asko litzateke».