Europako legatzaren ugalketa ikertzeko kanpaina abiatu du Aztik
Legatzaren erreklutamendua zerk zehazten duen ari dira aztertzen Hegoaldeko Stockean, Fisterra eta Estaca de Bares eremuen arteko galiziar plataformanLegatzaren erreklutamenduaren prozesu ekologikoak eta demografikoak ikertzeko ikerketa kanpaina jarri ...
Legatzaren erreklutamendua zerk zehazten duen ari dira aztertzen Hegoaldeko Stockean, Fisterra eta Estaca de Bares eremuen arteko galiziar plataforman
Legatzaren erreklutamenduaren prozesu ekologikoak eta demografikoak ikertzeko ikerketa kanpaina jarri dute martxan asteon. Aztiko zientzialariek hartuko dute parte, Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) eta IMEDEA institutukoekin batera.Ikertzaileak Sarmiento de Ganboa ontzi ozeanografikoan ari dira lanean astelehenaz geroztik. Hamabost egunez beharra egingo dute, hurrengo helburuekin: legatzak bizirik irauteko faktorerik garrantzitsuenak ezagutzea, lehenengo bizitza faseetatik hasi eta legatz heldua erreklutatzen den faseraino.
Proiektuaren helburu nagusia da legatzaren erreklutamendua zerk zehazten duen aztertzea, eta arreta berezia jarriko dute kausa demografiko eta ingurumenekoetan. Kanpainan aztertuko dute Galiziako kostan zenbat legatz larba dauden, larba osteko organismo eta ale gazte dauden, bai eta espazioan nola dauden banatuta ere; laginketa aldietako baldintza meteorologiko, biologiko eta ozeanografiko nagusiak karakterizatu, eta ale batzuk harrapatuko dituzte, larben eta ale gazteen eguneko hazkunde tasa zein elikadura eta dieta eta stock-en arteko konektagarritasun gradua zehazteko.
Abiatu berri duten proiektua beste kanpaina bategaz osatuko dute: ekainean egingo da, eremu berean.
Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du kanpaina, DREAMER proiektuaren esparruan (Legatzaren erreklutamenduaren dinamika), eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzaen babesa dauka.
Kanpaina Hegoaldeko Stockean ari dira egiten, Fisterra eta Estaca de Bares eremuen arteko galiziar plataforman. Eremu horretan, galiziarrek eta asturiarrek arrantzatzen dute legatza batez ere. Euskal ontziteriari dagokionez, besteak beste, bertan aritzen dira Ondarroako Aketxe-Gaztelugatxe eta Andrekala Berria-Arretxu Berria bikoteak. Ondarroako alturako gainerako ontziek Iparraldeko Stockean egiten dute legatz harrapaketa.
Ondarroako Altura Armadore Elkarteko (OPPAO) kudeatzaile Kiko Marinek Aztiren lana goraipatu du, eta esan du halako ikerketa guztiak lagungarriak direla sektorearentzat. Gaineratu du, uraren tenperatura igoerak eraginda, legatza bere ohiko habitatetatik kanpo dabilela, eta hori ekosisteman egon daitezkeen aldaketen adierazgarri dela.
Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradien Federazioko presidenteak ere zientzialarien lana nabarmendu gura izan du: «Beti dabiltza legatzaren kuotak txikitzen eta txikitzen, beti dauzkagu arazoak. Beraz, ziurrenik ikerketa hori ondo etorriko da, eta gehiago Aztik egiten badu. Konfiantza handia daukagu Aztirengan».
Zeregin garrantzitsua
Iparraldeko eta Ekialdeko Atlantikoko arrantzarik garrantzitsuenetako bat da Merluccius merluccius legatza. Hain zuzen, Espainiar estatukoak dira Europako lehorreratze gehienak (lehorreratze guztien %30). Espainiar estatuaren atzetik, Frantzia eta Portugal daude.
Arrantzarako duen garrantziaz gain, legatzak zeregin garrantzitsua dauka itsas ekosisteman, pelagiko txikienen harraparia baita, eta, aldi berean, marrazo eta beste harrapari batzuen elikagaia.