Irakurri, gozatu eta oparitzeko egitasmoa abian jarriko dute Lekeition
Martxoaren 20tik maiatzaren 31ra egongo da martxan egitasmoa. Ekimenean parte hartzen duenak liburuak erosteko txeke bat edukiko du opari. Irakurzaletasuna bultzatzea da helburuaLekeitioko Udalak Irakurri, Gozatu eta Oparitu, 1001 Mundu egitasmoa jarri...
Martxoaren 20tik maiatzaren 31ra egongo da martxan egitasmoa. Ekimenean parte hartzen duenak liburuak erosteko txeke bat edukiko du opari. Irakurzaletasuna bultzatzea da helburua
Lekeitioko Udalak Irakurri, Gozatu eta Oparitu, 1001 Mundu egitasmoa jarriko du martxan martxoaren 20tik maiatzaren 31ra. Egitasmoaren beraren izenak aurreratzen duen moduan, hiru pauso eman behar dira ekimenean parte hartzeko: irakurri, gozatu eta oparitu.Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, Lekeitioko liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da. Liburua irakurri ondoren, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua azaldu, eta horri buruzko iritzia emateko. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa txeke bat emango dio irakurleari herriko Aralde liburu dendan erabiltzeko. Azken pausoa, liburua oparitzea izango da: lagun bati, senide bati edo norbere buruari.
«Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango du», azaldu dute udal ordezkariek. Gainera, hileko parte hartzaileen artean 30 euroko erosketa-txekea zozkatuko dela ere jakitera eman dute.
Ekarpena
Egitasmoaren helburu nagusiak irakurzaletasuna bultzatzea, literaturagaz gozatzea eta gozaraztea direla azaldu dute, irakurtzeak eta oparitzeak zein opariak jasotzeak dakarten gozamenaren bidez. Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi dituzte: liburutegiaren erabiltzaile aktibo izateko gonbitea egitea, era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea. «Ekimen horrek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz».