1986ko Aste Santuetan, Ondarroako lagun talde batek Ebro ibaia jaitsi zuen, baltsetan, 14 etapatan. Ohituraz opor egun horiek mendiko trabesiak prestatzera ohituta, erronka berria zen ondarrutarrentzat; desberdina. «Zer egin nahi genuen bagenekien. Zelan, ez», dio
Elias Etxaburu abentura hartako parte hartzaileetako batek. Diru laguntzak lortu asmoz, banketxez banketxe joan ziren, baina ez zuten babesik lortu. Ondarroako Udalarena bai, andramarietan antzarren antolakuntzan zeukaten parte hartzea kontuan hartuta. Beste alde batetik, nahiz eta udalak walki-talkiak ere agindu zizkien, azkenean gabe joan ziren, udaltzainek horrenbeste denborarako ezin zizkietela utzi eta. Horrenbestez, komunikaziorako oinarrizko gailurik ez zeukaten. Eragozpen horrek ez zituen atzera bota. «Argi geneukan bagindoazela», esan du
Juan Olaetxeak. Alokairuan hartutako furgoneta eta armadoreek emandako salbamendu baltsak (bi) eta txalekoak bazituzten; eta gogoa, sobera.
Ebroko jaitsierako parte hartzaile batzuk
Abentura, martxan. Urolan lau entrenamendu egin ostean heldu zen egun handia. Martxoaren 22a zen Ondarroatik irten eta Miranda de Ebrora abiatu zirenean. Horrela jaso zuten egunerokoan. «Azkenean, heldu gara gure abenturaren abiapuntura: Miranda. ‘Hor dago Ebro!’ Gure artean sekulako espresioak entzun dira. Jaitsi ditugu baltsak, puztu eta errekako uretan ditugu. Hau sentsazioa! Horrenbeste amets egindako unea heldu da».
Jaisten hasi orduko konturatu ziren zein nekeza zen salbamendu baltsekin ibaitik jaistea eta zein bapezak ziren baltsekin zetozen erramuak
Aurretik, 800 kilometro Tortosaraino; euretatik 200, furgonetaz, Alforque-Mequinenza arteko urtegiari zegozkionak. 11 lagunek osatzen zuten espedizioa, eta txandaka egin zuten bidea. Batzuk baltsetan jaisten ziren bitartean, besteak furgonetan zihoazen, eta hurrengo egunean, alderantziz. Atseden egun faltan, furgonetan joatea egokitzen zitzaienean berreskuratzen zituzten indarrak. Izan ere, jaisten hasi orduko konturatu ziren zein nekeza zen salbamendu baltsekin ibaitik jaistea eta zein bapezak ziren baltsekin zetozen erramuak. Orokorrean, mantso egiten zuten bidea, tartean-tartean ur azkarrei esker abiadura nabarmen gehitzen zen arren.
Ezusteko ugari. Baldintza logistikoei klimatikoak gehituta, eragozpenak bata bestearen atzetik etorri ziren, eta sustoren bat edo beste ere bai. Halan, bigarren egunean, Briñas-Cenicero etapan, egoera gogor baten aurrean aurkitu ziren. Baños de Ebrora heldu zirelarik, nahiz eta etapa bertan amaitzeaz berba egin, aurrera egitea erabaki zuten, eta aurreikusi modura Ceniceroraino joatea. Tarte horretan, errekaren azalean etzanda zegoen zuhaitz baten kontra jo zuten. Bateko iluntasuna, besteko haizea, baltsetako batek ezin izan zuen kolpea ekidin, eta irauli egin zen. “Ozta-ozta irten ginen, eta larri egon ginen denak ondo zeudela ziurtatu genuen arte”, esan du
Miguel Angel Landaribarrek. Kolpea bikoitza izan zen, hurrengo egunean zalantzan egon baitziren aurrera jarraitu ala ez. Egun hartan, batzuek baltsa bakarrean irten zuten bitartean, besteek korronteak eroandako baltsa berreskuratu eta erramu berriak erosi zituzten. Halere, ez ziren estutasunetatik libratu, baltsan joandakoek argi indarra sortzeko kanal batean sartu eta urak ia eraman baitzituen. «Larri egon ginen, bata arbola bati kolpe eginda eta bestea haren hanketatik», esan du
Mikel Odriozolak.
Komunikaziorako arazoak. Elkarren berri ez izatearen arriskuak 11. etapan antzeman zituzten, taldea hiru zatitan banatuta geratu zenean: baltsakoak Alforquen geldituta, eta ez heldu behar ziren herrian, Sastagoran, haizeari aurre ezin eginda zeudelako;?eta furgonetakoak, zati bitan; batzuk Sastagoran, besteen zain, eta besteak Madriden, konpontzeko utzita zeukaten furgonetaren bila joanak.
Loturak estutu egin zituzten, eta jakin zuten oinarrizkoena estimatzen
Baltsan zihoazenek mozkortuta zegoen guardia zibil bategaz eduki zuten aurrez aurrekoak are gehiago aldrebestu zuen egoera. Inkomunikazio kasuetarako, Ondarroara deitu beharra zegoen, kuadrillako baten etxera, eta hurrengo egunera arte ezin izan ziren elkartu. «Txantxa gutxirako geunden batu ginenean, baina furgonetatik baloia atera, eta arazoa konponduta!», adierazi du Elias Etxaburuk.
Esperientzia errepikaezina. 14 egunen ostean, eta zaku bete abentura bizi izan ostean, ondarrutarrak Tortosara heldu ziren apirilaren 4an. Bidean, jende eskuzabala aurkitu zuten, eta ez zitzaien lo egiteko lekurik falta izan. Gazteen artean loturak estutu egin ziren, eta oinarrizkoena estimatzen jakin zuten: jatekoa eta lotarako tokia.
Hurrengo urtean abentura errepikatu nahi izan zuten kanpezuar batzuek esanda jakin zutenez, ordura arte ez modura, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak galarazi egin zuen Ebron nabigatzea, leku zehatz batzuen salbuespenagaz.