Bertso giroa nagusitu zen zapatuan Markina-Xemeinen Bizkaiko Taldekakoaren kanporaketagaz. Hiru taldek jokatu zuten kanporaketa: Akerbeltzen antxumak (Markina-Xemein), Leioatik begira (Leioa) eta Otsoko (Busturialdea). Herriko taldeak lortu zuen finalaurrekorako txartela.
Bizkaiko Taldekakoaren saioa Buztarri tabernan. Argazkia: Akerbeltzen antxumak
Hiru saio motz jokatu ziren. Lehenengo saioa Buztarri tabernan jokatu zuten Otsoko eta Leioatik begira taldeek, ilutzean. Ostean, Akerbeltz gaztetxean elkartu ziren parte hartzaileak eta zaleak afariaren bueltan.
Bizkaiko Taldekakoa Akerbeltz gaztetxean. Afaria. Argazkia: Akerbeltzen antxumak
Afalostean jokatu ziren beste bi saioak. Lehenengoa Akerbeltzen antxumak taldeak eta Otsokok jokatu zuten; bigarrena, Leioatik begirak eta Akerbeltzen antxumeek.
Bizkaiko Taldekakoa Akerbeltz gaztetxean. Akerbeltxen antxumak bertsotan. Argazkia: Akerbeltzen antxumak
Taldelanean egindako beharra. Taldekako Txapelketa gutxienez sei laguneko taldeek osatzen dute. Zapatuko kanporaketan, hurrengoak izan ziren Markina-Xemeingo parte hartzaileak: Eneko Arrate, Graxi Arregi, Irati Brabo, Jone Antsotegi, Joseba Sololuze, Josune Aramendi, Maddi Ibaibarriaga, Nahia Ibarzabal, Naroa Loiola eta Nerea Ibarzabal. Bakoitzak zeregin batzuk eduki zituen, eta taldean egindako beharragaz egin zuten aurrera.
Taldekako txapelketaren finalaurrekoak apirilean hasiko dira; finala, ostera, ekainean jokatuko da.